Itxi

Zinema

Kartelera

2014ko estreinaldi nabarmenenak

Erredakzioa

'El Hobbit', 'Los Juegos del Hambre' eta 'X-Men' pelikulen jarraipenez gain, Meryl Streepen 'Agosto' filma, eta George Clooneyren 'The Monuments Men' lan berria iritsiko dira zinema-aretoetara aurten.

  • 'El Hobbit' filmeko irudia. Argazkia: EiTB

    'El Hobbit' filmeko irudia. Argazkia: EiTB

Zinema-aretoak El Hobbit, Los Juegos del Hambre, X-Men eta Spider-Man pelikulen jarraipenez beteko dira 2014an. Horiez gain, Meryl Streep eta Julia Roberts aktoreak protagonisa dituen Agosto filma, eta The Monuments Men George Clooneyk zuzendutako lan berria iritsiko dira.

Gainera, proposamen harrigarriak ere izango ditugu. Horien artean aipagarria da Darren Aronofskyk zuzendu eta Russel Crowe protagonista duen Noah. Filmean Jennifer Connelly, Anthony Hopkins eta Emma Watson aktoreek ere parte hartu dute.

Nebraska beste proposamen horietako beste bat da. Alexander Paynek sinatutako lanak David Linchen The Straight Story gogorarazten du. Bruce Dern aktorea da pelikularen protagonista eta Canneseko azken zinemaldian aktore onenaren saria jaso zuen. Nebraska otsailean iritsiko da zinema-aretoetara.

The Monuments Men zintarekin II. Mundu Gerran Europako artelanak babestu zituen soldadu talde txiki baten istorioa kontatu nahi izan du George Clooneyk. Otsailean, Berlinale zinemaldian estreinatuko dute lana. Alemaniako jaialdian aurkeztuko du Claudia Llosa zuzendari peruarrak No llores, vuela filma ere.

John Wells ere lan berriarekin etorriko da aurten. Agosto pelikulan Streep eta Roberts aktoreez gain, Sam Shepard, Ewan McGregor, Benedict Cumberbatch eta Juliette Lewis ere bildu ditu zuzendariak. Pelikulak Oklahomako familia baten istorioa kontatzen du. Urtarrilaren 10ean estreinatuko dute.

AEBetako zinema-aretoetara abenduaren amaieran iritsi zen arren, La gran estafa americana (Oscarretarako faboritoetako bat) urtarrilean iritsiko da munduko gainontzeko herrialdeetara. David O. Russell The fighter eta El lado bueno de las cosas filmen zuzendariak Christian Bale, Bradley Cooper, Amy Adams, Jennifer Lawrence, Jeremy Renner eta Michael Peña aktoreak elkartu ditu film horretan.

Istorioak aurrera jarraitzen du

Urte amaieran, El Hobbit trilogiaren hirugarren zatia iritsiko da. Tolkienen liburuetan oinarritutako orain arteko bost filmekin 4.355 milioi dolar (3.180 milioi euro) bildu dituzte.

Jack Ryan: Shadow recruit 2014ko beste sagetako bat izango da. Oraingo honetan, Tom Clancyk sortutako agenteak Chris Pinen aurpegia izango du. Aurretik, Harrison Ford, Alec Baldwin eta Ben Affleck aktoreek egin dute pertsonaia horrena. Filma Kenneth Branagh britainiarrak zuzendu du, eta Kevin Costner eta Keira Knightley aktoreek ere parte hartu dute.

Capitán América: el soldado de invierno apirilean iritsiko da zinema-aretoetara eta Chris Evans izango du protagonista.

Andrew Gardfield eta Emma Stone protagonista dituen Spider-Man sagaren film berria maiatzean estreinatuko dute, eta baita X-Men: Días del futuro pasado lana ere. Azken horretan, beste behin, Jennifer Lawrence, Michael Fassbender, Nicholas Hoult eta Ellen Page aktoreek lan egin dute.

Aurtengo udan, Transformers 4 iritsiko da. Lan berrian Mark Whalbergek Shia LaBeouf ordezkatu du. Horrez gain, El amanecer del planeta de los simios eta Resident Evil 6 estreinatuko dituzte. Gainera, Los Juegos del Hambre: Sinsajo, trilogiaren hirugarren pelikularen lehen zatia, aurkeztuko dute.

Haurrentzako proposamenak

Urte berri honetan, Ben Stiller eta Robin Williamsen Noche en el museo, Big Hero sagaren seigarren zatia eta Aviones, Disney faktoriaren azken arrakastaren bigarrena, iritsiko dira.

Dreamworks konpainiak Mr Peabody & Sherman telesailean oinarritutako filma prestatu du.

Hala eta guztiz ere, 2014ko pelikularik esanguratsuenetako bat Dorothyren Ozera itzulera izango da. Horrez gain, Angelina Jolie protagonista izango duen La Bella Durmiente istorioaren film berria ere aurtengo estreinaldi nabarmenetako bat izango da.

Espainian egindako zinemari dagokionez aurtengo film berrietako batzuk izango dira Roberto Santiagoren Solo para dos (Santi Millán eta Martina Gusman); Emilio Martín Lázaroren Ocho apellidos vascos (Clara lago, Dani Rovira eta Carmen Machi); Carmina o revienta filmaren ondorengoa, eta El niño, Daniel Monzonek zuzendu eta Luis Tosar protagonista izango duen drogei buruzko pelikula.