Zinema
Urrezko Globoak
U2ren 'Ordinary Love' abestiak irabazi du Urrezko Globoa
Erredakzioa
Nelson Mandelari buruzko pelikularen soinu-bandarako egindako kantuari eman diote jatorrizko abesti onenari garaikurra.
U2 taldeak Nelson Mandelari buruzko pelikularen soinu-bandarako egindako ''Ordinary Love'' abestiak irabazi du jatorrizko kantu onenaren saria Urrezko Globoen 71. edizioan. Talde irlandarrak lortu duen bigarren Urrezko Globoa da, 2003an ''The hands that built America'' abestiagatik jaso baitzuen lehena. Astelehen goizaldean egin dute ekitaldia, Beverly Hilton hotelean, Los Angelesen. Bigarren urtez jarraian Tina Feyk eta Amy Poehlerrek zuzendu duten ekitaldian, American Hustle filmak irabazi du komediarik onenaren Urrezko Globoa; film dramatikorik onenaren Urrezko Globoa, berriz, Twelve Years a Slave lanak erdietsi du.
American Hustle pelikulak irabaz zitzakeen zazpi Urrezko Globoetatik hiru irabazi ditu azkenean: komediarik onenarena, emakumezko komedia aktorerik onenarena (Amy Adams) eta antzeztaldeko emakumezko aktorerik onenarena (Jennifer Lawrence).
Steve McQueenek zuzendutako Twelve Years a Slave lanak, gaueko beste faborito nagusiak, film onenaren Urrezko Globoa irabazi du, drama kategorian. Gravity, Captain Phillips, Philomena eta Rush izan ditu lehiakide.
Zuzendaririk onenaren saria Alfonso Cuaronentzat izan da, beste lau hauek atzean utzita: Paul Greengrass (Captain Phillips), Steve McQueen (Twelve Years a Slave), Alexander Payne (Nebraska) eta David O.Russel (American Hustle).
Aktoreen artean, Cate Blanchett eta Matthew McConaughey izan dira garaileak. Blanchettek emakumezko aktore dramatikorik onenaren saria irabazi du, Blue Jasmine filmean egindako lanarengatik, eta gizonezkoetan, kategoria berean, McConaughey (Dallas Buyers Club) gailendu da.
Komedia alorreko emakumezko aktorerik onenaren Urrezko Globoa Amy Adamsentzat izan da (American Hustle), eta, gizonezkoen kategorian, Leonardo DiCapriorentzat (The Wolf of Wall Street).
Antzeztaldeko emakumezko aktorerik onenaren saria Jennifer Lawrencek lortu du, American Hustle filmean egindako lanari esker; gizonezkoetan, Jared Leto nagusitu da (Dallas Buyers Club).
Halaber, Her (gidoirik onena), Frozen (animaziozko filmik onena) eta La grande bellezza italiarra (atzerriko filmik onena) ere saritu dituzte.