Zinema
Oscar sariak
Oscar sarien galan superheroiak omenduko dituzte
Erredakzioa
Oscar sarien 86. galan, pantaila handiko heroi guztiek eman digutena hartuko dute aintzat, Ellen DeGeneresek martxoaren 2an aurkeztuko duen zeremoniako ekoizleek iragarri dutenez.
-
Superheroiak izango dira Oscar sarien galako protagonistak. Argazkia: EiTB.
Heroi handiak izango dira aurten Oscarren galaren ardatz. Ekitaldian, heroi guztiak hartuko dituzte gogoan (benetakoak, animatuak, iraganekoak, gaur egungoak...) eta, ezinbestean, heroiok pantaila handira gidatu dituzten zuzendariei ere omenaldia egingo diete.
"Show-a gai jostagarri eta hunkigarri baten inguruan josi nahi genuen. Jendea pantailan ikusten dituen pertsonaien inspirazioa hartzera joaten da zinemara", esan dute Zadan eta Meron ekoizleek.
"Heroiek zinemara joateko ohitura aberastu dute, beste maila batera eraman dute, eta gau dibertigarri eta alaia izatea nahi dugu. Zinemagile eta aktoreak ere, arriskuak hartzen eta gai iradokitzaile eta pertsonaia zailen bitartez ikusleok pizten gaituztenez gero, zinemako heroiak dira", erantsi dute.
Zerrenda horretan denak sartzen dira: Gandhi eta benetako beste heroi batzuk, Superman, Batman eta bestelako superheroiak, "The Incredibles" eta "Shrek" filmetako heroi animatuak, akziozko pelikuletako heroiak ("Gladiator", zazpi samuraiak...) eta literarioak ("Hiraren mahatsa", "Urretxindor bat hiltzea"...).
Bestalde, gala gero eta gertuago dagoenez gero, arduradunek promoziorako lehen bideoa egin dute, Ellen DeGeneres protagonista dela.