Zinema
Estreinaldiak
'American Hustle' eta Polanskiren berria, zinema aretoetan
Erredakzioa
Gainera, "Saving Mr. Banks" ek "Mary Poppins" filma sortzeko prozesu nekeza kontatzen du. Akzioa ere badago, "Jack Ryan: Shadow Recruit"en, eta gizarte erretratua "Ignasi M."n.
"Mary Poppins" klasikoa da gaur egun, belaunaldi guztiek disfrutatu dute pelikula, baina P.L. Traversen liburu bilduma pantaila handira eramatea erronka latza izan zen Walt Disneyrentzat, idazlea ez baitzen letretatik pantailarako jauzia errazteko prest egon bere garaian.
Tom Hanks Walt Disney da "Saving Mr. Banks"en, eta Emma Thompson Travers, sortzaileen arteko talka hori erakusteko, konpainiaren inoizko arrakasta handienetakoa den lana nola sortu zen azaltzeko.
"American Hustle" David O. Russellen lanean, luxuzko aktore zerrenda bildu dute: Christian Bale, Jennifer Lawrence eta Amy Adams. Urrezko Globoetan izandako arrakasta berritu nahi du lanak Oscarretan, eta ondo hasi du bidea, hamar ataletan izendatuta baitago.
Irving Rosenfeldek eta Sydney neska lagunak FBIko agente batentzat lan egin beharko dute, eta, horretarako, New Jerseyko azpimunduan aritu beharko dute sarkin, mafiarekin eta negozio ustelekin harremanetan.
Roman Polanski polemikoak "La vénus a la fourrure" erakutsiko du ostiral honetatik aurrera. Canneseko jaialdian erakutsi zen film honetan, Emmanuelle Seigner zuzendariaren emazte eta musa Mathieu Amalricekin batera agertzen da.
Thomas antzerkigilea bere azken lanerako aktore baten bila ari da. Hautaketa amaitu eta hiritik alde egitear dagoenean, Vanda agertuko da, paper horretarako ezin hobe ematen duen emakume erakargarria.
"20 ans d'écart"en, David Moreau zuzendariak komedia erromantikoa egin du. 38 urte dituela, Alicek ibilbide profesional arrakastatsua du, eta aldizkari bateko nagusia izan nahi du. Hala ere, lankideek serioegitzat dutela eta horrek bere asmoetan kalte egin diezaiokeela ikusita, 20 urteko gazte batekin harremanetan hasiko da.
Chris Pine, "Star Trek" filmean nabarmendu zen aktorea, da "Jack Ryan: Shadow Recruit" filmeko protagonista. Keira Knightley eta Kevin Costner ditu alboan, akziozko thriller honetan.
Hiru aktoreok gidatzen, Kenneth Branagh dago kameren atzean, Tom Clancy idazlearen irudimenetik ateratako pertsonaiaren abenturak irudikatzen. Ryan AEBetako ekonomia jo nahi duen talde terrorista bat desegiten saiatuko da.
"Ritter Rost - Eisenhart & voll verbeult" umeentzako animaziozko pelikula alemanak Txatarralandian bizi den antiheroi baten nondik norakoak kontatzen ditu.
Ventura Ponsek "Ignasi M." dokumentala egin du. Kontraesanek jandako gizon baten bizimodua kontatzen du Zinegoak Bilboko jaialdian aurkeztu zen filmak. Ignasik bizimodu zaila du: homosexuala eta seropositiboa da, eta bere emazte ohia lesbiana dela konturatu da. Gainera, beren enpresak pott egingo du.
"Into the mind"ek, bestalde, erronka handiak biltzen ditu, maila fisiko eta mentalean, Alaska, Bolivia eta Himalaian kokatuta.