Zinema
Frantziar zinemaren sariak
'Les garçons et Guillaume, à table!', ustekabea Zesarretarako bidean
Erredakzioa
Guillaume Gallienneren lehen filmak hamar izendapen ditu Zesar sarietarako, eta "La vie d'Adèle"k zortzi. Otsailaren 28an emango dituzte Frantziako zinemaren sariak, Parisen, Châtelet antzokian.
-
Zesar sariak otsailaren 28an emango dituzte. Argazkia: Efe.
"Les garçons et Guillaume, à table!" Guillaume Gallienne zuzendariaren lehen lana (hamar izendapen) eta "La vie d'Adèle", Abdellatif Kechiche zuzendariari Canneseko jaialdian Urrezko Palma eman zion pelikula, (zortzi izendapen) dira Zesar sarien 39. edizioko faboritoak.
Hala ere, zalaparta gehien Julie Gayet izendatu izanak sortu du; izan ere, François Hollande Frantziako presidentearen ustezko maitalea antzeztaldeko emakumezko aktorerik onenaren atalean izendatuta dago, "Quai d'Orsay" Bertrand Tavernierren pelikulan aholkulari politiko limurtzailearena egitearren.
Marisa Borni Carla Bruniren ama izango du, besteak beste, aurkari atal horretan Gayetek. "Un château en Italie" Valeria Bruni Tedeschi alabaren filmean egindako lanagatik izendatuta dago lehen dama ohiaren ama.
Ezustekoak gorabehera, filmik onenaren atalean "Amour" Michael Hanekeren maisulanaren lekukoa hartzeko faboritoa "La vie d'Adèle" da. Milioi bat ikusle baino gehiago eraman ditu Frantziako zinema aretoetara lan horrek.
Bi emakumeen arteko harreman lesbiarra kontatzen duen filmak zuzendari, gidoi, aktore berri (Adèle Exarchopoulos) eta aktore nagusi (Léa Seydoux) onenen sariak irabaz litzake. Homosexualen arteko ezkontzen harira Frantzian piztutako liskarra indarrean zela estreinatu zen filma.
Nolanahi den, gaurko izendapen ekitaldiko ezusteko nagusia "Les garçons et Guillaume, à table!" komediak eman du. Ukitu autobiografikoak dituen filmak zuzendariaren eta haren amaren arteko harremanari begiratzen dio.
Hamar izendapen jaso ditu, sail hauetan: zuzendaria, aktorea (Guillaume Gallienne, bietan), antzeztaldeko emakumezko aktorea (Françoise Fabian) eta gidoi egokitua, besteak beste.
Zazpina izendapen jaso dituzte "La Vénus à la fourrure"k (Roman Polanski) eta "L'inconnu du lac"ek.
"The Artist" lanagatik emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen aktore frantziar-argentinarrak, Berenice Bejok, berriro irabaz lezake, "Le Passé" filmeko lanagatik, baina aurrean Catherine Deneuve ("Elle s'en va"), Fanny Ardant ("Les Beaux Jours"), Sara Forestier ("Suzanne"), Sandrine Kiberlain ("9 Mois Ferme") eta Emmanuelle Seigner ("La Venus à la forrure") izango ditu.
Aktore onenaren atalean, hauek lehiatuko dira Guillaume Galliennerekin: Mathieu Amalric ("La vénus à la fourrure"), Michel Bouquet ("Renoir"), Albert Dupontel ("9 mois ferme"), Grégory Gadebois ("Mon âme par toi guérie"), Fabrice Luchini ("Alceste à bicyclette"), eta Mads Mikkelsen ("Michael Kohlhaas").
Atzerriko pelikula onanaren saria eramateko hautagaiak hauek dira: "Blancanieves" (Pablo Berger), "Gravity" (Alfonso Cuarón), "Blue Jasmine" (Woody Allen), "Django Unchained" (Quentin Tarantino), "La Grande Bellezza" (Paolo Sorrentino), "Dead Man Talking" (Patrick Ridermont), eta "Alabama Monroe" (Félix Van Froeningen).