Itxi

Zinema

Berlinale

Wes Andersonen azken filmak Urrezko Hartzerako lehia irekiko du

Erredakzioa

20 film daude sail ofizialean, eta 400 film ikusi ahal izango dira guztira, hilaren 16ra arte, Hollywood Asiako eta Latinoamerikako zinemen mesedetan ahazten doan hitzorduan.

  • Berlingo kaleak zinemak hartuta daude. Argazkia: Efe.

    Berlingo kaleak zinemak hartuta daude. Argazkia: Efe.

Berlinalen, ostegun honetan abiatuko da Urrezko Hartzaren ehiza, "The Grand Budapest Hotel" komedia nostalgikoaren emanaldiarekin. Ralph Fiennes izango da alfonbra gorria zapaltzen lehenengo izarra, industriako izarrak zinema konprometituarekin tartekatuko dituen jaialdian.

Wes Andersonek zuzendutako filma Görlitzeko eraikin modernista zaharrean filmatu dute, Alemaniaren eta Poloniaren arteko mugan, eta berak ekarriko ditu izarrak irekierara, baina aurtengo izarrik distiratsuena, George Clooney, larunbat honetan helduko da Alemaniako zinemaldiaren 64. ediziora.

"The Grand Budapest Hotel"en kariaz, makina bat aktore ospetsu joango da Berlinera: Jude Law, Bill Murray, Tilda Swinton, Edward Norton eta Owen Wilson, Fiennes eta Tony Revolori protagonistez gain. Lehiaketa ofizialean jardungo da zinta.

George Clooneyk "The monuments Men" filma erakutsiko du larunbatean, lehiaketatik kanpo. Zuzendaria eta protagonista da Clooney bertan, eta Matt Damon eta John Goodman ditu ondoan.

Halaber, Catherine Deneuve, Pierce Brosman, Charlotte Gainsbourg, Bruno Ganz, Uma Thurman, Viggo Mortensen eta Martin Scorsese ere joango dira Berlinera. Ken Loach ere izango da jaialdian, Ohorezko Hartza jasoko baitu.

Clooneyk, Scorsesek eta Loachek lehiatu barik jantziko dute jaialdia; lehia horretan, Anderson eta beste 19 zuzendari jardungo dira, James Schamus buru duen eta besteak beste Christoph Waltz aktoreak osatzen duen epaimahaia limurtzeko.

Hartzerako lasterketan, Latinoamerikako lau zinemagile (Claudia Llosa perutarra, "La teta asustada" filmarekin 2009an Urrezko Hartza irabazi zuena, Celina Murga eta Benjamin Naishat argentinarrak eta Karim Aïnouz brasildarra) daude. Llosaren filmean, gainera, euskal parte-hartzea dago, Ibon Cormenzana baita produktorea. Gainera, Alain Resnais beteranoa, Rachid Bouchareb frantziar-aljeriarra, Richard Linklater estatubatuarra eta Asiako zinemaren lau ordezkari eta beste horrenbeste zinemagile alemaniar daude hautagaien zerrendan.