Zinema
Zinemako estreinaldiak
'Nebraska'tik Moskura, Legoland igaroz
Erredakzioa
Alexander Payneren azkena, sei Oscar irabazteko hautagaia, Pussy Rioti buruzko dokumental bat eta Lego daniar jolasen piezen gainean eraikitako pelikula helduko dira asteburuan zinema aretoetara.
"Nebraska" filmean, Woody Grant burua galduta duen adineko alkoholikoak dei bat jaso du: milioi bat dolarreko saria irabazi omen du, eta Montanatik Nebraskara joan behar du kobratzeko, ondoan David semea duela. Bien arteko harremana duela urte batzuk hautsi zen. Alexander Payneren ("The Descendets") lana sei Oscar irabazteko hautagai da, tartean pelikula eta zuzendari onenarenak, eta Bruce Dern eta Will Forte dira protagonistak.
Umeentzat "The Lego Movie" da asteko estreinaldirik erakargarriena, jolas horien inguruan eraikitako filma. Emmet figuratxoak bizimodu ohikoa du, baina, halako batean, mundua salbatzeko ardura ezarriko dio herriak, okertuta, eta tirano bati aurre egin beharko dio.
Mike Gunther ("Beatdown") zinemagileak "Setup" lana zuzendu du: akziozko pelikula honek lapurren istorioak kontatzen ditu, eta Bruce Willis, Curtis Jackson ("50 Cent") eta Ryan Phillipe ditu protagonista. Bi lagunek elkarrekin zuten konfiantza galduko dute, diamanteak lapurtzeko saiakera batean huts egin eta gero.
Bestalde, Zac Efronek eta Dennis Quaidek "At Any Price" egin dute, Ramin Bahrain ("Goodbye Solo") zuzendariak gidatutako drama, AEBko baserritarren mundua eta automobilismoa hizpide dituena. Baserritar batek bere semearen esku utzi nahi du nekazaritza negozioa, baina gazteak beste amets batzuk ditu: automobilismo gidaria izan nahi du.
"Happy Family", bestalde, komedia zoroa da: Ezio protagonista gurpil aulki batean gelditu da, pelikula bat egiteko gidoi bat egiteko lanean murgilduta dagoen garaian. Gabriele Salvatores ("Quo Vadis, Baby?") da Fabrizio Bentivoglio aktorea protagonista duen film ironikoaren zuzendaria.
Azkenik, Mike Lerner eta Maxim Pozdorovkin zinemagileek osatzen duten bikoak "Pussy Riot: A Punk Prayer" dokumentala gauzatu du. Moskuko eliza batean emanaldi satiriko bat egitearren atxilotu eta zigortu zuten taldearen inguruko istorioan, talde feminista honen nondik norakoak aletzen dituzte.