Zinema
Oscar sariak
Aktore hasiberriak, antzeztaldeko aktore onenen sarietarako faboritoak
Erredakzioa
Hollywoodeko Akademiaren sarien aurtengo edizioan, aktore hasiberriak dira, antzeztaldeko aktoreen bi ataletan, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, saria irabazteko faboritoak, aurreikuspenen arabera.
ANTZEZTALDEKO GIZONEZKO AKTORE ONENA
Barkhad Abdi: Hollywooden hasiberri
"Captain Phillips"eko somaliar itsaslapurraren papera da Barkhad Abdik zineman egindako lehena, eta Oscarretarako hautagai da dagoeneko.
Abdi (28 urte) Somalian jaio zen, baina Yemenera egin zuen, 7 urte zituela, gerratik ihesi, eta handik Minneapolisera egin zuen gero.
Abdik atal honetako Bafta saria irabazi berri du, baina, adituen arabera, ezustekoa izango litzateke Oscarra bereganatzea.
Bradley Cooper: berriz ere Oscarretan
Aktoreak pagotxa aurkitu du David O. Ruseellen alboan lan eginda ("Silver Linings Playbook" eta "American Hustle"). Bi ekoizpenek gidatu dute Cooper Oscarrerako azken esprinteraino.
"American Hustle"n, Cooper agente federal obsesiboa da, ustelkeria politikoak agerian utzi nahian iruzurgile batzuen atzetik dabilena.
Michael Fassbender: pelikulako gaiztoa
Hollywooden, oso ohikoa da saria filmetako gaiztoei ematea, eta hori Michael Fassbenderren mesederako izan liteke aurten, kotoi sail baten jabe bihozgabe eta sadikoa baita "Twelve years a slave" lanean.
Irlandan hazitako aktore alemaniarra gero eta pisu handiagoa hartzen ari da industrian, eta, dagoeneko, zuzendari handi askorekin lan egin du: Ridley Scott ("The Counselor" eta "Prometheus"), Steven Soderbergh ("Haywire"), Quentin Tarantino ("Inglorious Bastards"), David Cronenberg ("A Dangerous Method") eta hiru aldiz Steve McQueenekin.
Jonah Hill: serio hartzeko moduko aktorea
Jonah Hillek (30 urte) Hollywooden serio hartzea lortu du dagoeneko, hainbat filmetan ("Superbad", "The 40-Year-Old Virgin") gaztetxeo gizenkote asegabe jatorrarena egin eta gero.
"The Wolf of Wall Street"en, Martin Scorseseren aginduetara lan egin zuen, Leonardo DiCaprio lagun, finantza espekulazioaren sukarrari gorazarre egiteko, eta izendapenarekin aitortu diote egindako lana.
2011n, Brad Pitten alboan lan egin zuen "Moneyball"en, eta lan serio horrek lehen izendapena ekarrio zion, aurten Dolby Theatrera eramango duen atal berean, antzeztaldeko gizonezko aktore onenarenean.
Jared Leto: musikari-aktorearen aldarrikapena
Jared Leto (41 urte) 30 Seconds to Mars anaiarekin batera sortutako musika taldearen burua da, eta nazioarteko biretan aritzen da. Bira artean, baina, antzeztan jarri ohi da.
Pantaila handian egindako azkena lana, "Dallas Buyers Club", ekoizpen independente dramatikoa zen jatorrian, baina handiagoa egin zen, denbora pasatu ahala, eta Letori izendapena ekarri dio hiesak jotako drogazale trabestituaren paperak.
Aditu gehienen ustez, Letok lortuko du estatuatxoa martxoaren 2an.
ANTZEZTALDEKO EMAKUMEZKO AKTORE ONENA
Sally Hawkins: izendatuta, azkenik
Aktore britainiarrak (37 urte) luze jardun du Akademiaren sarien atean joka, eta azkenik Woody Allenen eskutik heldu da izendapena. "Blue Jasmine"n, Cate Blachett emakumezko aktore nagusiaren saria eramateko faboritoaren kontrapisua da Hawkns.
Jennifer Lawrence: modako aktorea
23 urte dituela, emakumezko aktore nagusi onenaren saria ("Silver Linings Playbook") eta bi izendapen jaso ditu dagoeneko Lawrencek; izendapenotako azkena "American Hustle"n iruzurgile baten emaztearena egitearren heldu zaio. Lan horretan, izaera gorabeheratsuko pertsonaiak gorpuzteko erraztasuna erakusten du ostera ere aktoreak.
Baliteke aurten ere saria eramatea; Bafta sarietan eta Urrezko Globoetan lortu egin zuen, nahiz eta apustu guztien arabera Lupita Nyong'ok irabazi behar zituen.
Lupita Nyong'o: gehienen faboritoa
Guadalupeko ama birjinaren omenez datorkio Lupita izena, Mexiko Hirian jaio baitzen aktorea, kenyar gurasoengandik.
Adituen arabera, berak jasoko du Oscarra "Twelve years a slave" lanean egindako lanagatik. Aktore gisa egin duen lehen film luzean, kotoi sail baten jabeak azpiratutako esklaboa da Nyong'o.
Nyong'o AEBn hazi da, eta oso harrera ona izan du Hollywoodeko industrian, nola kameraren aurrean hala alfonbra gorrien gainean.
Julia Roberts: "estatubatuarren neska laguna" bueltan da
Hamarkada bakoitzean behin, Julia Roberts Oscarretarako izendatu ohi dute ("Steel Magnolias", 1989; "Pretty Woman", 1990; "Erin Brockovich", 2000). Azken horri esker, gainera, Oscarren estatuatxoa etxeratu zuen.
Oraingoan, "Pretty Woman"en egindako paperetik urruti, Meryl Streep buru duen eta porrot egin duen familia bateko alaba nagusia da Roberts, "August: Osage County"n.
June Squibb: Oscarretako debutari beteranoa
June Squibbek egindako lehen filma aktoreak 60 urte zituela estreinatu zen, 1990. urtearen bueltan. Orain, 84 urte dituela, Squibbek Oscarrerako izendapena lortu du "Nebraska" filmari esker.
Squibb milioi bat dolarreko saria lortu duen ustean Montanatik Nebraskara joan nahi duen gizon baten emaztea sinesgogorra da.