Zinema
Oscar sariak
Cate Blanchett denen faborito, emakume aktore onenaren Oscarrerako
Erredakzioa
"Cate Blanchett eta beste lau aktore": horrelakoak bota dituzte kritikariek, Sandra Bullock, Amy Adams, Judi Dench eta Meryl Streepen aurretik Cate Blachet erabateko faboritoa dela agerian utzita.
Cate Blanchett: Oscarrekiko hitzordua, azkenean
"Blue Jasmine" (Woody Allen) estreinatu zenetik, Blanchett Oscarretarako kiniela guztietan agertu da hautagai gisa, Allenek beren beregi berarentzat idatziriko paper arriskutsu baina esker onekoari esker. Seigarren izendapena da, eta, honezkero, "Blue Jasmine"ko lanagatik Urrezko Globoa, SAG saria, Critics Choice eta Bafta saria irabazi ditu.
Filmean, New Yorkeko gizarte maila altuko emakume bat da Blanchett, senarrak higiezinen arloan egindako iruzurrez jabetutakoan porrot egiten duena. Hori dela eta, San Francisco (Kalifornia) hirira joango da, depresioaren aurkako botikak hartuta hobera egiteko asmoz.
Blanchetten bigarren Oscarra izango litzateke, "The Aviator" pelikulari esker irabazi zuenaren ostean. Hainbat kontu kontra ditu, nolanahi ere; izan ere, filma ez dago pelikula onenaren atalean izendatuta, eta hautsak harrotuta daude Allenen inguruan, alabak sexu abusuak egin izana leporatu eta gero.
Sandra Bullock: izarra, izarretan
Duela lau urte bereganatu zuen lehen Oscarra ("The Blind Side"), eta "Gravity"ko astronautaren paperak aukera berri bat ekarri dio.
Azken hamar urteetan, protagonisten taldean Bullock zuten lau pelikulak jaso dute film onenaren sarirako izendapena: "Gravity", "Crash", "The Blind Side" eta "Extremely Loud and Incredibly Close". Antzezlea une profesional ezin hobean dagoen erakusgarri da datua, inondik ere.
Hollywoodeko sarien denboraldia hasi denetik, Hollywood Film Award saria irabazi du, eta Urrezko Globoetarako, Critics' Choicerako, SAGerako eta Baftarako izendatu dute.
Amy Adams: Oscarrik gabeko izendatu bakarra
Bosgarren izendapena du "American Hustle"ko aktoreak, azken zortzi urteetan ("Junebug", "Doubt", "The Fighter" eta "The Master", aurretik), baina aurreko guztiak antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren sailean izan dira. David O. Russell zuzendariak bigarren aldiz eramango du Dolby antzokira, "The Fighter"en gauza bera ostean.
Hautagaien artetik, Oscarra ez duen bakarra da, eta baliteke horrek mesede egitea. Gainera, komedia edo musikaletako aktore onenaren Urrezko Globoa ere eman zioten duela gutxi.
Meryl Streep: zu berriz?
Aktore beteranoarentzat, ohiko hitzordua da Oscarrekikoa: 18.a du, hamabosgarrena, aktore nagusi gisa. Duela bi urte hirugarren estatuatxoa eman zioten "The Iron Lady"gatik, eta horrek boto-emaileek berriz emateko eragozpenak izatea eragin lezake.
"August: Osage County" filmeko lanari zor dio izendapena. 2008an Pulitzer saria irabarzi zuen Tracy Lettsen antzezlan batean dago oinarrituta pelikula, eta familia bateko aita desagertu eta gero senideen artean sortzen diren trapu zaharrak ditu hizpide.
Judi Dench: ukitu britainiarra
Azken hamasei urteetan, zazpigarren izendapena du 79 urteko aktore beteranoak, eta behin lortu du saria ("Shakespeare In Love"). Philomena Leeren benetako istorioa pantailaratu du Denchek, eta seme galduaren bila abiatzen den emakumea da bera.
Dench irlandar emakume bat da filmean: nerabea zela haurdun gelditu zen, eta ama txiroentzako zentro batean barneratu zuten, semea adopzioan eman eta gero.
Berrogeita hamar urte geroago, alabari sekretu handia argituko dio, eta seme galua bilatzeari ekingo dio, alboan kazetari bat duela.