Itxi

Zinema

Jaialdia

Bosniako gerra, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia zabaltzeko

Erredakzioa

Sindikalismoa, iraultza sandinista, botiken patenteak, organoen trafikoa... Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak erakutsiko dituen pelikulek gaiak ugari ekarriko dituzte apirilaren 4tik aurrera.

  • "Circles" filmak abiatuko du zinemaldia.

    "Circles" filmak abiatuko du zinemaldia

"Circles (Krugovi)" Srdan Golubovicen filmak, Bosniako gerrak zabaldu eta oraindik itxi ez diren zauriei buruzko istorio batek, zabalduko du Giza Eskubideen Donostiako XII. Zinemaldia. Sundanceko 2013ko jaialdian epaimahaiaren sari berezia eman zioten, World Cinema Dramatic sailean.

Jaialdiaren antolatzaileek programazioaren aurrerapen bat iragarri dute gaur: hamarka filmek askotxotan isilarazitako gai andana bat azaleratuko dituzte, hala nola, Euskal Herriko indarkeria, okupazio mugimendua, iraultza sandinista, botiken patenteak, organo trafikoa, heriotza duinerako eskubidea...

Jaialdia abiatuko duen filmak Sofia, Sarajevo eta Minskeko jaialdietako publikoaren sariak ere bereganatu ditu, eta 1993an Balkanetako herri batean hiru kidek hil zuten soldadu baten ingurukoei begiratzen die; hamabost urte geroago, sufritzen jarraitzen dute.

Halaber, euskal gatazkak ere bere tokia izango du jaialdian. "Echevarriatik Etxeberriara. Oiartzun: Indarkeriarekin bizi izan den herri baten kronikak" Ander Iriarteren dokumentalak "indarkeriak ezker abertzalearen munduan izan duen garrantzia" hartzen du oinarri, Gipuzkoako udalerri horretan bizi diren pertsonetatik soilik abiatuta.

"Indarkeriari, nolanahi ere, ertz guztietatik begiratzen zaio (ETArena, Poliziarena, politikoa, herriarena, Estatuarena, psikologikoa...). Horretarako, Ander Iriartek bertatik bertara ezagutzen duena gauza handiago baten isla gisa erabiltzen du", Donostiako jaialdiaren antolatzaileek ohar batean jakinarazi dutenez.

Gainera, Juanmi Rodriguezek Euskal Herriko okupazio mugimenduari buruz egindako lana ere erakutsiko da: "Ateak zabalduz" du izena.

Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak antolatzen dute, eta apirilaren 11n amaituko da, astebetez filmen proiekzioak, solasaldiak eta erakusketak proposatu eta gero.