Itxi

Zinema

Iragarpena

Star warsen 7. atala, 'Return of the Jedi' baino 30 urte geroago

2015ean estreinatuko dute eta "hiru lider gazte berri eta hainbat aurpegi ezagun" bilduko ditu, aurreratu dutenez.

'Star Wars' sagaren hurrengo filma 'Episode VI: Return of the Jedi' baino 30 urte geroago kokatuko da eta 2015ean estreinatuko dute, Bob Iger Walt Disney etxeko kontseilariak azaldu duenez.

Disneyk 2012n erosi zuen Lucasfilm, 'Star Wars' sagaren ekoiztetxea, 4.050 milioi euroren truke, eta zientzia-fikziozko saga famatuaren hiru pelikula gehiago egingo zituela iragarri zuen.

Sagaren jarraitzaileak 'Star Wars: Episode VII' filmaren zain daude. 'Star Wars' lehen trilogiaren hirugarren pelikula izan zen 'Return of the Jedi', urrutiko galaxia batean girotutako lana, 1977 eta 1983 bitartean proiektatu zuten.

Disney etxeko kontseilari horrek ez du aktore-zerrendaren inguruko xehetasunik eman, baina R2D2 robota itzuliko dela baieztatu du. Star Warsen webgune ofizialean adierazi dutenez, film berriak "hiru lider gazte berri eta hainbat aurpegi ezagun bilduko dituzte, eta grabazioa maiatzean hasiko da, Londresko Pinewood estudio ezagunetan".

Azkenaldian sagako izar handiak (Harrison Ford eta Carrie Fisher, kasu) bueltatuko ote diren zurrumurruak zabaldu dira. Gainera, Hollywoodeko hainbat izar berri aukeratutako aktoreen artean egon daitezkeela zabaldu dute hainbat aldizkarik. Lupita Nyong'o Oscar sariaren irabazlea eta Adam Driver 'Girls' telesaileko protagonista aipatu dituzte batzuek.

George Lucasek sortu zuen 'Star Wars' frankiziak sei film ditu jada, eta guztira 4.400 milioi dolar bildu ditu mundu osoko zinema-aretoetan, lehen filma 1977an estreinatu zenetik.

Zazpigarren atala 2015eko abenduaren 18an helduko da eta J.J. Abramsek zuzenduko du, 'Star Trek' frankiziaren garai berriko zuzendariak.