Zinema
EAE-n eta Nafarroan
Zinemako sarrerak, 2,90 euroan asteazkenera arte
Erredakzioa
Ia areto guztiek Espainiako Zinemen Federazioaren ekimenarekin bat egin dute, eta zinemako pantaila handiaz prezio eskuragarriagoetan gozatu ahalko da. Sarrerak Internet bidez erosi ahalko dira.
Martxoaren 31n eta apirilaren 1ean eta 2an Zinemaren VI. Jaia egingo dute Estatuan, eta, bertako zinema aretoen % 99n sartzeko, gutxiago ordaindu beharko da egun horietan. Aretoen kudeatzaileek publikoa zinemetara hurreratu nahi dute horrela.
Juan Ramon Gomez Fabra Espainiako Zinemen Federazioko presidenteak ostegun honetan prentsaurreko batean iragarri duenez, ekimen honetan parte hartu nahi dutenek webgunean izena eman beharko dute, bertatik akreditazio bat jaitsi eta hiru egunetarako beherapena jasotzeko. Iaz egin zutenek ez dute, halere, berriz izena eman beharko.
Aurrekoetan legez, 2,90 euro ordaindu beharko dituzte hiru egun horietan pelikulak ikusi nahi dituztenek.
Oraingoan, lehenengoz, beherapena jaso nahi dutenek Internet bidez edo kutxazainetan erosi ahalko dituzte txartelak, aurrekoetan sortu ziren ilarak ("bi ordukoak baino gehiagokoak ere izan ziren") ekiditeko.
Espero duten jendetzari dagokionez, urriko ekimeneko jende kopuru bera lortzen badute poz-pozik egongo direla esan du Gomez Fabrak, "eta zerbait gutxiagorekin ere gustura egongo gara". 1,5 milioi ikusle batu zituzten joan den urtean.