Itxi

Zinema

Sariak

'Una esvástica sobre el Bidasoa' eta 'Democracia', Nantesen sarituta

Erredakzioa

Dokumental onenaren eta film laburraren sariak irabazi dituzte, hurrenez hurren, Festival du Cinema Espagnol Nanteseko jaialdian. Fenêtre Basque atalean eman dituzte bi filmok.

  • 'Una escastica sobre el Bidasoa' filmeko irudi bat. Argazkia: EiTB.

    'Una escastica sobre el Bidasoa' filmeko irudi bat. Argazkia: EiTB.

Una esvástica sobre el Bidasoa Alfonso Andres eta Javier Barajas zuzendarien dokumentalak eta Democracia Borja Cobeagaren film laburrak sari bana jaso dute, Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiko sail ofizialean. Lehenak dokumental onenaren saria eskuratu du, eta bigarrenak film labur onenarena, antolatzaileek atzo arratsaldean iragarri zutenez.

Una esvástica sobre el Bidasoa lanak EiTBren parte-hartzea izan zuen, eta naziek Bigarren Mundu Gerra bete-betean zela Euskal Herrian filmatu zuten Im Lande der Basken (Euskaldunen lurraldean) filmari buruzko dokumentala da.

Democracia, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak 2013 katalogorako hautatu zuten. Borja Cobeagaren komedia honetan, enpresa bateko arduradunak langile guztiak bilera batera deitu ditu urgentziaz, eta plan ausart bat proposatuko die, lanari adoretsu eutsi diezaioten.

Bi film hauek Nantesko zinema jaialdiko Fenêtre Basque sailean proiektatu dituzte, beste zazpi euskal film luzerekin eta Kimuak katalogoko sei film laburrekin batera. Apirilaren 3tik 15era arte ari dira egiten jaialdia Nantesen.

Euskal zinemak pisu nabarmena du Nantesen, eta gaur egun Fenêtre Basque saila atal egonkor eta pisuzkoa da jaialdiaren egitarauan.