Zinema
Barbieren pelikula
Barbiek aktoreekin egindako film propioa izango du
Erredakzioa
Barbie aktoreekin egindako komedia baten protagonista izango da. Filma saga luze baten hasiera izan daiteke.
-
Barbie. Argazkia: barbie.com
Barbiek, Mattelen panpina ezagunenak, zinemara salto egingo du, Sony Picturesen eskutik, benetako aktoreak, hezur-haragizkoak, izango dituen pelikula bat egingo baitute.
Konpainiak adierazi duenez, filmaren grabaketa urte bukaeran hasiko da, baina oraindik ez dute aktoreak aukeratzeko prozesuaren berri eman. Barbie protagonista duela, Hollywoodeko estiloari eutsiko dion film bilduma sortzea da Sonyren asmoa.
Jenny Bicksek (Sex in New York eta Rio2) izango du gidoiaren ardura, eta Walter F. Parkes eta Laurie MacDonal izango dira ekoizleak. Filma gaur egungo komedia izango da, eta Barbiek hain ezagunak egin dituen lanbideak antzeztuko ditu bertan. Lan egiteko material asko dute; izan ere, panpina polifazetikoak bere historian zehar 150 ogibide baino gehiago izan ditu.
“Barbiek 50 urte daramatza haurrak entretenitzen, eta haien irudimena eta sormena lantzen lagundu die”, adierazi du Tim Kilpin Mattel jostailu enpresako presidenteordeak. Hortaz, horren historia zineman ere ikusteko garaia dela azpimarratu du.