Zinema
Zinemaldia
'Emak bakia' dokumentala New Yorkeko teilatuetara hegaldatuko da
Natxo Velez | eitb.com
Oskar Alegriak "Emak bakia" etxearen lorratzei jarraiki sortu zuen dokumentala Rooftop zinemaldiak eskainiko du, ohi duen bezala, New York hiriko eraikin bateko zabaltza batean.
Rooftop New Yorkeko zinemaldiko arduradunek "Emak bakia", Oskar Alegria zinemagile eta kazetariak Lapurdiko kostaldean lau urteko ikerketa egin eta gero ehundutako dokumentala, aukeratu dute aurtengo programazioan eskaintzeko. Zinemaldi bitxi honek hiriko eraikinetako zabaltzetan, teilatu lauetan, eskaintzen ditu filmak, ikusleari pantailaz haraindi etxeorratz multzoa zabaltzen zaiola.
"Emak bakia" esaldia du ardatz dokumentalak. Besteak beste, Man Ray Frantzian ezarritako artista estatubatuar abangoardistak erabili zuen esaldi hori, non eta Biarritzen, hain zuzen ere izen iradokitzaile hori zuen etxe batean, grabatu zuen filmari izenburua jartzeko. Horren ondorioz, Oskar Alegriak bidaia fisiko eta zinematografikoa abiatu zuen, etxea eta haren inguruabar guztiak hobeto ezagutzeko, eta film poetiko honetan bildu zuen ibilbidearen emaitza.
"Askatasun aldarri bat" da "Emak bakia etxea" lana, eta zuzendariak berpizkunde ugari erakusten ditu bertan, Man Rayk 1926ko filmeko hiru planotan erakutsitako etxea gaur egunera ekarri izana berbarako... baita gehiago ere. Filmak memoria berreskuratzeaz dihardu, baita menturak ahanzturan duen zereginaz ere.
Rooftop Films jaialdia
Alegriaren lana Rooftop Films zinemaldian eskainiko dute, New Yorken, maiatzaren 16tik aurrera. Aretoetatik kanpo, inoiz lorik egiten ez duen herriko eraikinen teilatuetan, zinema "berri eta independentea" erakusten du jaialdiak urterik urte.
Oraindik ez dute iragarri "Emak bakia" zein egunetan emango duten bertan.