Zinema
Zinema estreinaldiak
Paco Leonen 'Carmina' bueltan, eta Woody Allen Turturroren aginduetara
Natxo Velez | eitb.com
Osteguna jaieguna denez gero, zinemako estreinaldiak asteazkenera pasatu dituzte. Besteak beste, John Turturroren film berria helduko da, "Aprendiz de gigoló", Woody Allen aktore lanetan dakarkiguna.
-
Paco Leon, Carmina Barrios eta Maria Leon, filmatze lanetan.
“Carmina y amen” zuzendari gisa egindako bigarren lanean, Paco Leonek amarengana eta arrebarena jo du berriro, aktore zerrenda osatzeko. Carminak senarra zenaren heriotzaren berri ez ematea erabaki du, haren laneko ordainsaria kobratzeko. Maria alabarekin elkarlanean, hilotza bi egunez ezkutatuta eduki behar izango dute, Sevillako auzokideen aurrean doluan sartuta dauden plantak egiten dituzten bitartean.
“Divergente” filma zuzentzeko, Neil Burger Veronica Rothen eleberri batean oinarritu da, eta Shailene Woodley, Theo James eta Kate Winslet jarri ditu bere aginduetara. Akziozko thriller futuristan, Tris Priorrek (Shailene Woodley) Kate Winsletek gorpuzten duen pertsonaia buru duen konspirazio bat azaleratuko du: ezberdinak diren guztiak hil nahi dituzte.
“Aprendiz de gigoló” lanean, John Turturrok luxuzko aktoreak erabili ditu: Woody Allen, Sharon Stone, Sofia Vergara eta Vanessa Paradis. Bi adineko juduren (Allen eta Turturro) istorioa kontatzen du: erreka jota daude, zentimorik gabe, eta, horren aurrean, gizonezkoen prostituzioan saiatuko dira, bata gigoló gisa eta beste ordezkari gisa.
“No se aceptan devoluciones” mexikar pelikulan, Eugenio Derbez zuzendariak Valentinen abenturak erakusten ditu. Bikotekiderik gabeko bizizalea da, baina goizetik gauera Maggie alaba txikia zaindu beharko du.
“El gran cuaderno” hungariarrak Bigarren Mundu Gerrari begiratzen dio. Biki batzuk amamaren etxera eramango dituzte, gerrako gehiegikerietatik ihesi. Han, bizipenak koaderno batean idatziko dituzte, gauero-gauero, eta kontaketa horren bidez, haien heldutasunerako bidearen hariari jarraitu ahalko zaio.
“The lunchbox” amodiozko istorio bat da: jatekoa banatzeaz arduratzen den langilearen akats baten ondorioz, etxekoandre gazte bat eta gizon heldu bat harremanetan jarriko dira, eta jakiontzian elkarri uzten dizkioten mezuen bidez komunikatuta jarraituko dute.