Zinema
'Thriller psikologikoa'
Jon Kortajarena modeloak aktore jardungo du, film labur batean
Erredakzioa
"Versus" film laburra Iñigo eta Koldo Eguren euskal zinemagileek zuzenduko dute, eta argazilaritzaren ardura Jon Aguirresarobek, Javier Aguirresarobe ospetsuaren semeak, izango du.
Jon Kortajarena (Bilbo, 1985) modelo ospetsuak "Versus" thriller psikologikoa filmatuko du abuztuan, Los Angelesen, Hero Pictures ekoiztetxeak ohar batean iragarri duenez.
"Versus"ek Johnen istorioa kontatuko du: gainditu ezin dituen beldurrek geldirarazita etxean gotortuta bizi den gizon bat da John.
Kortajarenak Tom Forden eskutik egin zituen aktore lanak lehenengoz, eta oraingoan Iñigo eta Kolodo Eguren euskal zinemagileen lehen laneko protagonista izango da. Hainbat hilabete daramatzate egurendarrek Kalifornian, proiektua prestatzen.
"Versus" ingelesez filmatuko dute, eta, nahiz eta oraindik ez duten nor izango den zehaztu, aktore estatubatuar bat ere egongo da antzeztaldean.
Lanaren argazkilaritza Jon Aguirresaroberen ardura izango da, Javier Aguirresaroberen semearena. Musika, bestalde, Pablo Cervantesek zuzenduko du.
"Forbes" aldizkariaren arabera, gizonezko modeloetan diru gehien bildu zuten hamarretako bat izan zen Kortajarena iaz, eta, orain, zineman bere txokoa egin nahi du. Horretarako, Madril, New York eta Los Angelesen eskolak hartzen ari da.