Itxi

Zinema

Estreinaldia

Pantaila handian bueltan da 'Godzilla'

'Remake'aren estreinaldiaz gain, '10.000 km', "Por un puñado de besos" eta Antonio Vegaren omenezko pelikula (bere heriotzaren 5. urteurrenean) ere heldu dira zinema-aretoetara.

3:08

"Godzilla" filmaren bertsio berritua eta "10.000 km" Malagako zinemaldian sari gehien jaso zituen filma dira aste honetan zinema-aretoetara heldu diren estreinaldiak. Gainera, "Nueva vida en Nueva York", "Por un puñado de besos" eta "Antonio Vega. Tu voz entre otras mil" ere ikus daitezke.

Gareth Edwards britainiarrak "Godzilla" filmaren "remake" lana egin du. Japoniako klasiko bat da, baina kasu honetan aurpegi ezagun asko daude tartean: Bryan Cranston, Juliette Binoche eta Ken Watanabe.

Malagako zinemaldian Film Onenaren, Emakumezko Aktore Onenaren eta Zuzendari Onenaren sariak eraman zituen "10.000 km" pelikulak. Carlos Marques-Marcet zuzendariaren lehen lana da eta Natalia Tena eta David Verdaguer ditu protagonista.

Ana de Armas eta Martiño Rivas momentuko aktore ezagunetariko bi dira "Por un puñado de besos" pelikularen protagonistak: David Menkesen ("Mentiras y gordas") pelikula berria, publiko nerabeari zuzenduta.

Xavier Rousseau "Nueva vida en Nueva York" pelikulako protagonista da: 40 urte ditu eta bi seme-alaba. Bere emaztea New Yorkera joan da bizitzera lanagatik eta New Yorkera joaten da ezin delako bera gabe bizi. Romain Duris eta Audrey Tautou dira film honetako protagonistak.

"Hiroku: Defensores de Gaia": Planeta mailako hondamendiaren ostean, Hirokuko gazteak eta Joe naturaren aldeko talde bat sortu dute. Kanariar Uhartetan egindako lehen animaziozko lana da eta Goya sarietara hautagai izan zen Animaziozko Film Luze Onenaren sailean.

Antonio Vegaren heriotzaren bostgarren urteurrenean, Paloma Concejero zuzendariak Nacha Pop taldeko musikariaren figura berreskuratu du "Antonio Vega. Tu voz entre otras mil" pelikulan.

Hego Koreako herri txiki bateko biztanleak urtegi batek gainezka egingo duen mehatxupean bizi dira, baina ebanjelari batek esaten die zeruan toki bat izango dela beraientzat. Denek ez dute iruzurrean sinistuko: hori da "The Fake" filmaren argumentua.

"Astral City" Brasilgo zientzia-fikziozko zinta bat da. Wagner de Assis da zuzendaria eta Chico Xavier mediumaren "bestseller" liburuan oinarritu dute. Phillip Glassen musika du soinu-bandan.

"Maniac" pelikulan, Frank tipo normal bat dirudi: manikien denda batean lan egiten du, baina ohiko itxura horren atzean kriminal eta odolzale bat dago, emakume gazteekin obsesioa duelarik.