Zinema
19:30ean, Amaran
'Emak bakia' filma, ikusgai eta hizpide Donostian, asteazkenean
Natxo Velez | eitb.com
"Emak bakia" etxearen lorratzei jarraiki sortutako dokumentala proiektatu, eta Oskar Alegria zuzendaria eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria berorretaz mintzatuko dira asteartean.
"Emak bakia", Oskar Alegria zinemagile eta kazetariak Lapurdiko kostaldean lau urteko ikerketa egin eta gero ehundutako dokumentala, asteartean eskainiko dute, 19:30ean, Ernest Lluch Donostiako kultur etxean. Emanaldiaren ostean, Oskar Alegria eta Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendaria filmaren inguruan arituko dira solasean, gaztelaniaz.
"Emak bakia" esaldia du ardatz dokumentalak. Besteak beste, Man Ray Frantzian ezarritako artista estatubatuar abangoardistak erabili zuen esaldi hori, non eta Biarritzen, hain zuzen ere izen iradokitzaile hori zuen etxe batean, grabatu zuen filmari izenburua jartzeko. Horren ondorioz, Oskar Alegriak bidaia fisiko eta zinematografikoa abiatu zuen, etxea eta haren inguruabar guztiak hobeto ezagutzeko, eta film poetiko honetan bildu zuen ibilbidearen emaitza.
"Askatasun aldarri bat" da "Emak bakia etxea" lana, eta zuzendariak berpizkunde ugari erakusten ditu bertan, Man Rayk 1926ko filmeko hiru planotan erakutsitako etxea gaur egunera ekarri izana berbarako... Filmak memoria berreskuratzeaz dihardu, baita menturak ahanzturan duen zereginaz ere.
Jarduera hau Euskal Kultur Erakundeak eta Donostia Kulturak antolatu dute elkarlanean.