Zinema
Bertatik bertara
Gurean dira Cannesen direnak
Begoña del Teso | Cannes
Kosta Urdinean izatea merezi du beti, eta Le Festivalen are gehiago baina ez izan penarik, Lapurdin baitiira dagoeneko hemen lehian diharduten asko.
-
Tommy Lee Jonesek lan mardula egin du, Mendebalde basatian gertatzen den istorioa. Argazkia: Efe.
Onak eta txarrak. Urrea irabaziko duenik eta dena galduko dutenak, Donibane Lohizunen zein Miarritzen Baionan bezala baduzue gaurtik aurrera ikusgai Canneseko uzta oparo kasik osoa. Zuen etxe ondoko aretoetan. Ahaztu barik larunbatean, Grand Auditorium Lumièren izan eta ordu gutxira atera zela interneteko plazara, zazpi euroren truke, Abel Ferrararen Welcome to New York, baieztatuz zinema ez dela inoiz hilko baina euskarriak, pantailak, erakusleihoak etengabe aldatuko direla.
Etxean dugu bada, Canneseko zine jaialdia ireki zuen modan pasatako huskeria, azukre gaindosiz bertan hiltzen dena: Grace of Monaco. Zergatik egin dutenik ere inork ez du hemen konprenitzen, baina ulergarria da zine jaialdi hau irekitzeko luxuzko aukera izatea hemen bertan ezagutu baitzuten elkar Filadelfiako Grace Kelly eta Monakoko Rainier.
Aturri ibaiaren ertzean dasta dezakezue Tommy Lee Jonesen lan mardula, AEBeko Mendebalde basatian gertatzen den istorio gazi eta krudela, The Homeseman. Hitz egingo dugu luze horretaz parekorik ez duelako, momentuz, hemen
Bidasoaren Iparreko aldera, Italiatik horren gertu den hiri eguzkitsu honetan bezala, estreinatuko da gaur Cronenbergen azken aldrebeskeria eder, ilun, beldurgarri maltzurra, non gizakion arima aseezina biluzik ageri den: Map to the Stars.
Aukera gehiagorik bada. Hemen Cannesen zuen lurrean ere. Mintzatuko gara aise eta eroso zinemak blai egiten gaituelarik.