Itxi

Zinema

Zinema estreinaldiak

Hausnarketak eta barreak, asteburu honetako zinema estreinaldietan

Erredakzioa

Besteak beste John Carney zuzendariak eta Keira Knightley, Mark Ruffalo eta François Cluzet aktoreek hausnarketa mordoa proposatzen dute, bakardadeari, bizitzari eta asmoei buruz.

1:44

John Carney zuzendariak, "Once" pelikularen egileak, AEBko merkaturako jauzia egin du, Keira Knightley, Adam Levine eta Mark Ruffalo Hollywoodeko aktoreak ondoan dituela, "Begin again", bere laugarren film luzean. Drama erromantikoa da, musikaren inguruan ehundutakoa.

New Yorken girotuta dagoela, "Begin again"ek drama, komedia eta genero musikala nahasten ditu, halako batean batu egiten diren bi arima galduren istorioa kontatzeko. Batutakoan, musikari gozoena sortuko dute.

Txileko familia bat jaiotetxean batuko da berriz, saldu aurretik, eta, ondorioz, protagonistak iraganean zehar ibilbi beharko da, oroitzapenek gidatuta. "El Arbol magnetico" Zinemaldiko Zuzendari Berrien sailean eman zuten, joan den urtean.

"El Oro del Tiempo" filmean, Alfredo Mendez medikuak emaztearen gorpua udako etxean gordeko du, kriogenizatuta, 40 urtez, medikuntzak noizbait berpizteko aukera emango dion itxaropenez.

Sinesgaitza badirudi ere, istorioa benetan gertatu zen, Frantzian, 70eko hamarkadan. Galizian filmatu dute, Xavier Bermudez galiziarraren esanetara, eta Ernesto Chao, Nerea Barros, Manuel Cortes eta Marta Larralde dira aktoreak.

Jason Sthatham "El Protector" da, Drogaren Aurkako AEBko Agentziako agente ohi bat. Hamar urteko alaba hartu eta herri galdu batera aldatuko da, baina herri horretan ez du lasaitasunik aurkituko, ezpada indarkeria eta droga aferak.

Sylvester Stallonek Gary Flederren pelikula honen gidoia egin du, eta James Franco, Winona Ryder eta Kate Bosworth aktorea daude kameraren aurrean.

Dragoiak eta bikingoak Berk uhartean batu eta bost urtera, Hipo eta Desdentado berriro itzuli dira "Cómo entrenar a tu dragón 2" filmean. Bakearen alde borrokatu beharko dira, eta dragoi basatiak aurkitu dituzte, kobazulo sekretu batean.

Irene, "Viajo sola" filmeko protagonista, luxuzko hotelen ikuskaria da. Bizimodu irreal horren eta eguneroko bizitzaren arteko oreka aurkitu beharko du.

"Reencontrar el amor" lanak Pierreren (François Cluzet) eta Elsaren (Sophie Marceau) arteko harremana kontatzen du. Gizonezkoak emaztea eta bi seme-alaba ditu, baina adiskidetasun gisa hasitako harremanak beste bide bat hartuko du elkarrenganako atrakzio handia baitute.