Itxi

Zinema

'A escondidas'

Mikel Rueda: '‘A escondidas’ekin, publikoaren bihotza ukitu nahi dut'

Natxo Velez | eitb.eus

Mikel Ruedak (Bilbo, 1980) "A escondidas" estreinatu du gaur zinema aretoetan. Bi neraberen bideak gurutzatu egingo dira, eta ezagutzen ez zituzten sentimenduak azaleratuko dira.

Mikel Rueda bilbotar zinemagileak “A escondidas” lana estreinatu du gaur zinema aretoetan, “Izarren argia”ren (2010) ostean egin duen bigarren film luzea. Lan honetan, Ruedak Ibrahimen eta Rafaren istorioa kontatzen du, 14 urteko bi mutikori gertatzen zaiena. Bizitzak elkarren ondoan jarriko ditu, eta ordura arte inoiz bizi izan ez dituzten sentimenduak azaleratuko zaizkie.

German Alcarazu eta Adil Koukouh dira filmeko protagonistak, eta aktore zerrendan Alex Angulo zena ere ageri da, zinemarako egin zuen azken lanetako batean. Estreinaldiaren aste honetan, areto hauetan ikusi ahalko da filma: Multis eta Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Principe (Donostia),  Florida (Gasteiz) eta Golem Yamaguchi (Iruñea).

Mikel Ruedarekin hitz egin dugu, “A escondidas”en gaineko zertzelada batzuk ale diezazkigun.

“A escondidas”eko maitasun istorioan homosexualitatea (berriki “Ander” eta “80 egunean” euskal filmetan egin zen bezala), nerabezaroa eta immigrazioaren aurkako legeak ageri dira. Zelan baldintzatzen dute filma hiru elementu horiek?

“A escondidas” maitasun istorioa da, inguruabarrek testuinguruan kokatzen dutena; izan ere, harreman homosexuala da, eta lagunduta ez dagoen adingabe etorkin bat dago bertan sartuta. Maitasun istorioa da, bat-batean ordura arte sekula sentitu ez duten zerbait sentitu eta bizitza aldatuko dien zerbait biziko duten 15 urteko bi mutikoren arteko maitasun istorioa.

Bost axola arrazak, sexu-joerak… Une jakin batean, gustuko duten eta kontrolatu ezin duten zerbait sentituko dute lehenengoz. Beste guztiak ahaztu eta sentimendu berri hori gogo betez bizitzera bultzatzen gaituen horretaz ari da pelikula. Hunkitu nahi duen maitasun istorio bat da.

Zerk azalerazten ditu pertsonaiek “ezkutuan” zituzten sentimenduak?

Pertsonaiak sentimendu berriak izaten hasiko dira, eta, hori dela eta, hasieran ezkutatu egingo dituzte, ez dakitelako nora eramango dituzten. Ez dituzte partekatzen ez dituztelako kontrolatzen.

Hala ere, homosexualitatearen tabua ere hor dago, noski, mutikoen adinagatik bereziki. Adin horretan, mutikoek badute sentimendurik, eta jendeak helduen arteko harreman horiek gero eta gehiago “onartzen” baditu ere, beraien artekoak askotan gaitzetsi egiten dituztela sentitzen dute gazteek.

Egoera hori erakutsi nahi dut, eta maitasunaren koloreak garrantzirik ez duela azaldu, sentimendu egiazkoa baita, benetakoa.

Bigarren film luzea duzu hau, eta “Izarren argia” izan zena baino pertsonalagoa da. Zer alde dago bi proiektuon artean?

“Izarren argia” Baleuko ekoiztetxeak eginiko enkargua izan zen. “A escondidas” lanaren gidoia irakurri eta gero deitu zidaten. Istorioa neureganatzen ahalegindu nintzen, baina, dudarik gabe, ez da gauza bera barrendik atera zaizun istorio bat filmatzea eta, garai historikoagatik edo dena delakoagatik, apur bat urrunagokoa zaizun istorio bat pantailaratzea. Nolanahi ere, proiektu batean sartzen zarenean, edozein dela ere, arima eta gorputz murgiltzen zara bertan, azken-azkeneraino, eta lan egiten eta emozioak helarazten saiatzen zara berdin-berdin.

Zelan hartu zuten filma Malagako Zinemaldian?

Egia esan, oso hunkigarria izan zen Malagan estreinatu genuenean kritikarien eta publikoaren erantzuna ikustea. Zirraragarria da proiektu honek izan duen zazpi urteko bide gorabeheratsuaren emaitza pantailan ikustea. Indarberritu egiten zaitu, merezi duela pentsarazten dizu.

Gainera, Malagan, nahiz eta jaialdian saririk ez lortu, filmak izan duen bultzadarik handiena jaso genuen. Vertigo enpresak han esan zigun filma zabaldu nahi zuela, eta handia da niretzat erreferente diren Sofia Coppolarekin eta Gus Van Santekin, besteak beste, lan egiten duen etxeak nire pelikula zabaltzea.

Orain zinemetako leihatiletan zenbat biltzen duen eta bestelakoak ez daude nire esku, ezin ditut nik kontrolatu. Publikoari bihotza ukitzea besterik ez dut nahi.

Nolako esperientzia izan da aktore nerabe hasiberriekin lan egitea?

Hasieratik, oso argi nuen mutikoen interpretazioa zela filmaren muina, istorioaren % 95 haiek gorpuzten baitute: sinesgarriak izan behar ziren, naturalak. Horregatik, ekoizleari denbora eta pazientzia eskatu nizkion; 4.500 gazte ikusi genituen, Euskal Herriko, Madrilgo eta Kataluniako ikastetxeetan.

Behin hautaketa eginda, oso erraza izan zen beraiekin lan egitea, horixe bilatu bainuen: kamera aurrean inoiz jardun ez direnek izaten duten freskotasuna.

Hala ere, gauza bat igarri nuen: mutikoei, ez neskatoei, sentiberatasuna heztea falta zaie, sentimenduak adieraztea feminitateari lotuta baitago. Mutikoei asko kostatzen zaie sentimenduak ateratzea, eta entseguetan gogor lan egin behar izan genuen, barruan zeukatena adierazteko gai izan zitezen. Horretarako, harreman estua egin genuen, nigan konfiantza izan zezaten. Oso harreman polita sortu zen bi aktoreen, Laura Joe aktoreen entrenatzaile bikainaren eta lauron artean.

A escondidas Alex Angulo zenaren azken lanetako bat izan zen. Nolakoa izan zen berarekin lan egitea?

Alex pertsona paregabea eta profesional bikaina zen… Zer berri esango dut haren inguruan, dagoeneko esan ez denik? Duela zazpi urte, haren etxeko atea jo nuen, proiektuaren berri emateko, azkenean jokatu zuen pertsonaia berarentzat idatzi bainuen hasiera-hasieratik, eta berak parez pare zabaldu zidan. Luze eta zabal jardun ginen orduan. Hortik aurrera, Alex proiektuaren gain-gainean egon zen, nahiz eta bere pertsonaia, oso sakona ez denez, erronka ez izan beretzat. Hasten ari zen norbaiten lanari adi, arretaz, begira aritu zen.

Filmatze lanetan, noski, aita bat bezalakoa izan zen mutikoentzat, eta lantalde osoarentzat ohorea izan zen berarekin lan egitea. Filma amaituta ikusi ahal izan zuen behintzat Malagan, eta asko gustatu zitzaion.

Zer proiektu dituzu aurrera begira?

Islandian filmatu nahi dudan istorio bat prestatzen ari naiz orain. Hilabete eman nuen bertan, autostop egiten eta kanpin-dendan lotan, eta arrasto sakona utzi zidan: bertakoek lotura estua dute lurrarekin, eta hainbat gairen inguruan nuen ikuspegia zeharo aldatu zitzaidan. Istorioa idatzita daukat, eta finantzazio bila ari gara orain.

Bestalde, “Present perfect” nire film laburra garatzeko lanean ere banabil. Familia barruko sekretuen inguruko istorioa da; familiaren ekosistema ez aldatzearren gordetzen dugun horri heltzen dio. Familia bateko kideek elkarrekin egon beharko dute, eta, hortaz, beren artean eraikitako harresiak apurtu beharko dituzte.