Itxi

Zinema

Azaroaren 14tik 21era

Hirokazu Kore-edak Zinebiko Ohorezko Mikeldi saria jasoko du

Erredakzioa

Zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko nazioarteko jaialdiak zuzendari japoniarraren lanen originaltasuna aitortu nahi du. Azaroaren 19an emango diote, Guggenheim museoaren auditorioan.

Zinebi, zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko nazioarteko jaialdia, azaroaren 14tik 21era izango da, Bizkaiko hiriburuan, eta aurten Hirokazu Kore-eda zinemagile eta gidoilari japoniarrari emango diote Ohorezko Mikeldi saria.

Haren filmografiaren originaltasuna, filmek inspiratzen duten konpromiso humanista eta egungo zinema panoraman duen esanahi pertsonala eta garrantzitsua aitortu nahi diote arduradunek goraipamenaren bidez.

Saria emateko ekitaldia azaroaren 19an izango da, Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan, “De tal padre, tal hijo” (2013) Kore-edaren beraren film luzea proiektatu aurretik.

Kore-eda (Tokio, 1962) zinema garaikideko zinemagile handienetakoa da, aditu guztien iritziz. Haren lanak poesia ukitu sakona duten gogoeta sakon eta iradokitzaileak dira nazioarteko ikus-entzuleentzat. Giza esperientziaren funtsezko zenbait elementuri buruzko istorio biziak eraikitzen ditu, familia, norbanakoaren eta taldearen oroimena, heriotza, dolua eta galeraren sentimendua gaitzat hartuta.

Zinemagile japoniarra azaroaren 18an helduko da Bilbora, edizio honetan jaialdiak eskaintzen dion zikloa inauguratzeko, eta Guggenheim museoaren auditorioan “Agosto sin él” bere film luzearen proiekziora joango da. Egun horretan bertan, eta “Sin embargo” film ertain dokumentala eman aurretik, Kore-eda Bilboko ikus-entzuleekin egongo da, besteak beste, zinema ulertzeko duen modua, bere filmak eszenaratzeko gakoetako batzuk, bere ardura etikoak, sozialak eta politikoak, eta zinema garaikideaz duen ikuspegia azaltzeko.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinebi gaur