Itxi

Zinema

Fantasia eta Beldurrezko Astea

'Lo que hacemos en las sombras' lanak irabazi du publikoaren saria

Erredakzioa

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXV. Asteak badu jada palmaresa.

0:41

Lo que hacemos en las sombras Zeelanda Berriko filmak irabazi du publikoaren saria Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema XXV. Astean. Jemaine Clemet eta Taika Waiti zuzendariarena da lana.

Larunbat honetan eman du aurtengo palmaresaren berri Josemi Beltran zinema jaialdiko zuzendariak. Beltranek azpimarratu duenez, eguraldi ona izan dute aurten lagun, ‘’beldurrezko Benicassim antzeko batean’’.

Horrek bultzatu egin du publiko jarduerekin bat egitera eta, hala, 25. urteurrenean buru belarri aritu dira. Jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, saria lortzeko faboritoetako bat zen Lo que hacemos en las sombras. Aurretik, Toronton eta Sitgesen saritu izan dute, eta Espainian banaketa izango du filmak, Beltranen arabera.

Epaimahaiak, bestalde, My Past Life (Sebastián Lindblad) lanari eman dio Europa mailako fantasiazko film labur onenaren Zilarrezko Melies saria. Hala, Europa mailan film luze onenaren saria eskuratzeko lehian sartu da lana zuzenean.

Film Labur onenaren publikoaren saria, Bendito Machine V lanarentzat izan da; Jossie Malis espainiarraren sagan bosgarren atala da aurtengoa, eta aurreko lanak Zilarrezko Melies saria eskuratu zuen Donostian orain bi urte.

Matus Vizar zuzendariaren Pandy (Eslovakia) filmak lortu du animazio lan onenaren saria, eta Nada S.A (Caye Casas eta Albert Pinto) lanarentzat izan da Espainiako film labur onenarena.

Line-Up film laburrak irabazi du Syfy saria, eta ondorioz, Alex Julia lanaren zuzendariak bi hilabete bekan parte hartzeko aukera izango du, Los Angelesen.

Epaimahaia gaztearen saria, Gohst Train (Irlanda-Finlandia lanarentzat izan da, eta Film in San Sebastian sariak, azkenik, Medusas (Axel Casas) eta Copygram (Iker Azkoitia) ekoizpenek lortu dituzte.