Zinema
Jaialdia
'Mould' film labur hegokorearrarentzat, Zinebiko sari nagusia
Erredakzioa
“Anómalo” Aitor Gutiérrezen lanak Euskal Zinemaren Sari Nagusia lortu du, eta “Os meninos do rio” Javier Maciperen filmak Zinema Espainiarraren Sari Nagusia; “Marea”, film latinoamerikar onena.
-
'Mould' film labur hegokorearrak irabazi du Zinebiko sari nagusia
Mould (2014) Chun-Kyu Park Hego Koreako zinemagilearen fikziozko film labur dokumentalak irabazi du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 56. edizioko Sari Nagusia. Aitor Gutiérrez euskal zuzendari gazteak egin duen Anómalo 15 minutu pasatxoko fikziozko lanak irabazi du Euskal Zinemaren Sari Nagusia, eta Os meninos do rio Javier Maciperen filmak lortu du Zinema Espainiarraren Sari Nagusia. Azken hori ere fikziozko lana da. Horrez gain, Marea Adam Breier zinemagilearen film kubatarrak lortu du Film Latinoamerikar Hoberenaren Saria.
Zinebiko aurtengo edizioan 65 film lehiatu dira Sekzio Ofizialean.
Beste sari batzuk
Zinema dokumentalaren atalean, Urrezko Mikeldia Shipwreck (Herbehereak, 2014, 15 min.) Morgan Knibberen filmak jaso du, eta Nae pasaran (Britainia Handia, 2013, 13,24 min.) Felipe Bustosen dokumentalak irabazi du Zilarrezko Mikeldia.
Fikziozko film onenaren Urrezko Mikeldia Void (Danimarka, 2014, 17 min.) Milad Alamiren eta Aygul Bakanovaren lanak irabazi du, eta, kategoria horretako zilarrezko Mikeldiari dagokionez, Mike (Britainia Handia, 2014, 8 min.) Petros Silvestrosen filmak jaso du.
Animazioaren atalean, Urrezko Mikeldia Tomek Duckiren Laznia (Polonia, 2013, 4 min.) lanak irabazi du, eta Jossi Malisen Bendito Machine V - Pull the Trigger (Espainia, 2014, 12 min.) filmak jaso du Zilarrezko Mikeldia.
Zinebiren 56. edizioaren amaiera ekitaldia Unax Ugalde eta Goya Toledo antzezleek aurkeztuko dute, gaur, hilak 21, 20:00etan, Arriaga Antzokian. Ekitaldian, sari guztiak banatzeaz gain, hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango zaio Alex Angulo antzezlea zenari. Saria Mayda Zabala emazteak eta Dodó alabak jasoko dute.
Horrez gain, amaiera ekitaldian, 1961ean Raúl Peña zinemagile beteranoak egin zuen Más allá de Bilbao film labur dokumentala eskainiko da. ZINEBIren ekimenari esker orain berriztatu den film laburra Itsasadarrari eta garai hartako Bilboko hiriguneei buruz koloretan egindako lehenengo erretratutzat har daiteke.
Bihar, larunbata, saria irabazi duten lan guztiak proiektatuko dira, 18:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian.