Itxi

Zinema

Bafta sariak

'The Theory of Everything' nagusi, Bafta sarietarako izendapenetan

Erredakzioa

Stephen Hawkingen bizitza kontatzen duen filmak hamar izendapen jaso ditu, eta “Birdman”, “Boyhood”, “The grand Budapest hotel” eta “The Imitation Game” izango ditu lehiakide film onenaren sailean.

  • Eddie Redmayne da Stephen Hawking 'The theory of everything' lanean

    Eddie Redmayne da Stephen Hawking 'The theory of everything' lanean

Zinema eta Telebista Arteen Britainiar Akademiak (Bafta) bere urteroko sarietarako izendatuen zerrenda iragarri du. Otsailaren 8an banatuko dituzte, Londresen.

The Theory of Everything Stephen Hawkingen bizitza kontatzen duen filmak jaso ditu izendapen gehien: hamar. Alboko esklerosi amiotrofikoa atzeman zioteneko garaia pantailaratzen du James Marsh zuzendariaren lanak.

Beste faboritoetako bat The imitation game da, Alan Turing matematikari eta kriptoanalistari buruzko filma. Bigarren Mundu Gerran Enigma alemanen makinako kodeak argitzen lagundu zuen Turingek. Bederatzi izendapen jaso ditu; aktore onenaren (Benedict Cumberbatch), antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren (Keira Knightley) eta gidoi egokitu onenaren sailetan, besteak beste.

Bi film horiez gain, pelikula onenenaren atalean Boyhood, The grand Budapest hotel eta Birdman lehiatuko dira.

Halaber, aktore onenaren saria irabazteko hautagaien artean hauek daude: Benedict Cumberbatch (The Imitation Game), Eddie Redmayne (The Theory of Everything), Felicity Jones (The Theory of Everything) eta Julianne Moore (Still Alice).

Zuzendari onena bost hauetakoren bat izango da: Alejandro González Iñárritu (Birdman), Richard Linklater (Boyhood), Wes Anderson (The grand Budapest hotel); James Marsh (The Theory of Everything) edo Damien Chazelle (Whiplash).

Atzerriko film onenaren sarirako, Trash brasildarra, Ida poloniarra, Leviathan errusiarra, The Lunchbox indiarra eta The days, one night belgikarra aukeratu dituzte.

Bafta sarien gala Stephen Fry komediagile eta aktore britainiarrak aurkeztuko du.