Zinema
Felliniren musa
Anita Ekberg aktorea hil da, 83 urte zituela
Erredakzioa
Felliniren 'La Dolce Vita' filmean Fontana di Trevi iturrian hartutako bainuagatik lortu zuen ospea. Ekberg Italiako ospitale batean zendu da.
Anita Ekberg aktore suediarra igande honetan hil da, 83 urte zituela, Italiako hainbat komunikabidek jakitera eman dutenez. Federico Fellinik zuzendutako 'La Dolce Vita' filmean Fontana di Trevi iturrian hartutako bainuak ospetsu egin zuen zinema-munduan.
Ekberg 10:30ak aldera zendu da, San Raffaele di Rocca di Papa ospitalean, La Stampa egunkariak zabaldu duenez.
Kerstin Anita Marianne Ekberg zuen benetako izena, eta Suediako Malmo hirian jaio zen, 1931ko irailaren 29an, zazpi neba-arrebako familia batean.
Ekbergek Miss Suedia edertasun lehiaketa irabazi zuen 1951. urtean. Ondoren, Estatu Batuetara joan zen, eta Miss Unibertsoko lehiaketan ere parte hartu zuen, baina ez zuen irabazi.
Hala ere, lehiaketa horiek Hollywoodeko ateak ireki zizkioten. 1956an Urrezko Globoa irabazi zuen, urteko aktore gazte garrantzitsuenetarikoa izan zelako.
Hala eta guztiz ere, Federico Fellinik 1960ean zuzendutako 'La Dolce Vita' filmari esker lortu zuen osperik handiena, bereziki Marcelo Mastroianni aktorearekin partekatutako irudietan. Zinemaren historiaren parte bat izango da betiko Ekbergek Fontana di Trevi iturrian hartu zuen bainua.
'Gerra eta Bakea' (1956) filmean Helene Kuraginaren papera egin zuen. Audrey Hepburn eta Henry Fonda izarrak ere film horretan izan ziren.
Halaber, Bigas Lunas zuzendari espainarrekin ere lan egin zuen, 1996ko 'Bambola' filmean. Lan hartan, Mamma Gretaren papera egin zuen.