Zinema
Golardoa
'Loreak' pelikula, film latino onena Palm Spring Jaialdian
Erredakzioa
Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filmeak beste 27 finalistei gailendu zaie Kalifornian. Gainera, Goya sarietan film onenerako hautagaia ere da.
-
Filmearen kartela. Argazkia: EiTB
Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinema-ekoizle euskaldunek zuzendutako 'Loreak' pelikulak film latino onenaren golardoa eskuratu du Kaliforniako Palm Springeko Nazioarteko Jaialdian. Aurten, 26. edizioa egin dute, eta bihar jaialdiaren itxiera-ekitaldia egingo dute.
'Loreak' euskaraz grabatu zuten, eta EiTBk lagundutako ekoizpena da. Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, sail ofizialean, alegia.
Maitasunari, oroimenari eta ahazturari buruzko hainbat istorio ditu pelikula horrek mintzagai. Istorio guztiek gertakari bera dute komunean: ezezagun batek bidalitako lore-sorta bat jaso izana.
Pelikula horrek beste 27 finalistei gailendu zaie Kalifornian, tartean, 'Magical Girl' eta '10.000 kilómetros' espainiarrak, 'Güeros' mexikarra, 'Matar a un hombre' txiletarra edo 'Relatos Salvajes' argentinarra. Halaber, Goya sarietan pelikula onenaren sailean lehiatzeko aukera izango du film horrek.
Sari honi esker, 'Loreak' filmearen ekoizleek 10.000 dolar (8.442 euro) eskuratuko dituzte. Hirugarren urtez eman dituzte golardo horiek, Latinoamerikako, Espainiako eta Portugalgo zinemarik onena saritzeko helburuz.