Itxi

Zinema

Palmaresa

Ester Martin eta Pilar Monsell, sari nagusiak Zinegoak jaialdian

Erredakzioa

Lehen aldia da bi emakumek sari nagusiak jasotzen dituztela, Bilboko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen Nazioarteko Jaialdian.

1:01

Aurten lehenengo aldiz, bi emakumek Zinegoak jaialdiko sari nagusiak jaso dituzte: Ester Martinek Fikzioko Film-luzerik Onenaren saria jaso du Nånting måste gå sönder pelikulagatik eta Pilar Monsellek Dokumental Film-luzerik Onenaren saria, Africa 815 filmarekin, antolatzaileek zabaldu dutenez.

Bilboko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen Nazioarteko Jaialdiko itxiera ekitaldian, arratsaldean, Ohorezko Sari Berezia banatuko dute; aurten, Fernando Diezek jasoko du.

Antolatzaileen jakinarazi duenez, honako hau da aurtengo palmaresa: Film-luzerik Onenaren Saria Ester Martin Bergsmarentzat, Nånting måste gå sönder (Zerbait apurtu beharra dago) pelikulagatik, “kontraste handiko muturreko proposamena” delako.

Halaber, Pilar Monsellek Dokumental Film-luzerik Onenaren saria jasoko du, Africa 815 filmagatik, eta aipamen berezia egingo diote DETI 404 (Children 404) filmari, Pavel Loparevek eta Askold Kurovek egina.

Antony Hicklingek Pelikula Esperimental Onenaren saria jasoko du, One Deep Breath pelikulagatik. Il segreto del serpentek -Mathieu Volpek egina- Dokumental Labur Onenaren saria jaso du. Gainera, Metube: August sings Carmen Habanerak eta Kuhanik lanek, Daniel Moshelek eta Ntare Guma Mbaho Mwinek zuzenduta, hurrenez hurren, aipamen berezia jasoko dute.

Era berean, Fikziozko Laburmetrairik Onenaren Saria Christian Dekerrentzat eta Oda Lamberchtentzat da, Die Schwulenheiler (Gay Healers) lanagatik.

Lesbianismo eta Genero Saria Sigrid Andrea Bernardok zuzendutako Ang Huling Cha-Cha Ni Anita (Anita's Last Cha Cha) pelikulak jasoko du, “poztasunetik, naturaltasunetik eta aurreiritzirik gabeko jarrera hartuta” egindako pelikula delako. Gainera, antolatzaileen arabera, lesbianen haurtzaroan gutxitan jorratutako gaia azaleratu du: neskato baten nahi lesbikoak sexu-arloan, debekurik gabe”.

Gainera, Elisa Amorousok egindako Fouristrada lanak ere aipamen berezia jaso du.