Zinema
Bartzelonan
Kataluniako X. Euskal Zinema Jaialdia izango da otsailaren 6tik 27ra
Errdakzioa
Besteak beste, 'Loreak', 'Five Days To Dance' eta 'Lasa eta Zabala' lehiatuko dira. Ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu dute, tartean, euskal zinemaren maratoia eta haurrentzako espazio paraleloa.
-
Kataluniako Euskal Zinema Jaialdiaren aurtengo kartela. Argazkia: euskaletxea.cat
Zinemaldia.cat Kataluniako Euskal Zinema Jaialdiaren X. edizioa egingo du Bartzelonako Euskal Etxeak otsailaren 6tik 27ra bitartean. Besteak beste, 'Loreak', 'Five Days To Dance', 'Lasa eta Zabala' eta 'Negociador' lehiatuko dira bertan, eta Judith Colell zuzendariak, Nuria Vidal kazetariak, Marc Martínez aktoreak, Aritz Lekuona ESCAC Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolako zuzendariak eta Hammudi Al-Rahmoun ESCACeko irakasleak osatuko duten epaimahaiak aukeratuko du irabazlea.
Aurten, gainera, euskal zinemaren maratoia, haurrentzako espazio paraleloa, zinema ibilbidea, AlterZinemaldia eta Zinema Topagunea (euskal zinema eta Kataluniako zinemaren bilgunea) ere izango dira egitarauan.
Guztira, 12 pelikula eskainiko dituzte, eta emanaldiak Bartzelonako Girona zinema-aretoetan eta Malda zinema-aretoan izango dira. Filmak jatorrizko bertsioan emango dituzte, azpitituluekin, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Bartzelonako Euskal Etxearen zinema-jaialdian ohikoa den moduan, emanaldi guztietan protagonisten, aktoreen eta zuzendarien parte-hartzea izango dute. Gainera, emanaldien ostean, ikus-entzuleek horiekin hitz egiteko aukera izango dute, Kataluniako zinema-kritikari eta kazetariek zuzenduriko solasaldietan.
Jaialdia datorren ostegunean, otsailak 5, hasiko da. Irabazleak otsailaren 15ean emango dituzte ezagutzera, eta egun horretan bertan banatuko dira sariak.