Publizitatea
Itxi

2015/02/04

10:46

Zinema

Goya sariak

Kalo Berridi: 'Ezustekoa izan da izendapena'

Natxo Velez | eitb.eus

Gonzalo Berridi donostiarra argazkigintza onenaren Goya sarirako izendatu dute, 'Ocho apellidos vascos' filmagatik; larunbatean, hilak 7, emango dituzte sariok, Madrilen.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

“Ocho apellidos vascos” filmak hautsak harrotu ditu zinema arloan 2014an. Publikoaren erantzun ikaragarria jaso du EiTBren parte-hartzea izan duen filmak, ikusle aldra amaigabeak bertaratu dira aretoetara gizarte fenomeno bilakatu den filma ikustera, eta horrek isla izan du Goya sarietan: bost ataletan izendatu dute.

Izendapen horietako bat, argazkilaritza lan onenarena, Kalo Berridi donostiarrak ekarri dio andaluziarren eta euskal herritarren gaineko topikoei irri egiten dien filmari. Berridi arduratu da Emilio Martinez Lazarok zuzendutako filmeko istorioa kokatzeaz, berarentzako testuingurua margotzeaz.

Aurretik, besteak beste, hauekin egin du lan Berridik: Julio Medem (“La ardilla roja”, “Los amantes del círculo polar”), Imanol Uribe (“Plenilunio”, “Miel de naranjas”…), Juanma Bajo Ulloa (“Airbag”), Helena Taberna (“La buena nueva”)…

Berarekin hitz egin dugu, Goyak emateko ordua gero eta gertuago dagoela, burutik zer pasatzen ari zaion konta diezagun.

Zelan hartu duzu “Ocho apellidos vascos”en egindako lana Goyetarako hautagaien artean egotea? Espero ote zenuen?

Aitortu behar dut ustekabean harrapatu nauela izendapenak, batik bat, komedia delako. Talde osoaren lanaren emaitza da, nire ustez.

Nola azalduko zenuke filmaren arrakasta berdingabea?

Izendapena bezalaxe, ustekabea izan zen. Inork ez du jakin fenomeno hau azaltzen… Nik ere ez; argazkilaria naiz.

Noiz sartzen da produkzioan argazkilaritza zuzendariaren lana? Nolakoa izan zen istorioa agertokietan kokatzeko prozesua eta nola egin zenuen lan lantaldeko gainerako kideekin?

“Produkzioan” horrekin kontratatuta egotea adierazi nahi baduzu, lokalizazioetan izan zen, dekoratuetarako hamaika aukera ikusten… Argazkiak egiten dira, eta istoriorako nahi den herria islatzeko egokienak zein diren ikusten joaten da gero. Hor, arte taldearen lana hasten da, dekorazioa.

Zer gertatuko da, zure ustez, otsailaren 7ko galan?

Aurten oso zail dago… beti bezala. Loteria bezalakoa da, pixka bat, baina, nire ustez, “El niño” (Carles Gusi) eta “La isla minima”ren (Alex Catalan) artean egongo da.

Zinemako argazkilaritzaren esparruan, 2014ko zer lanek erakarri dute zure arreta?

Euskadin, argazkilaritza lan azpimarragarria duten bi film egin dira: “Loreak” (Javier Agirre) eta “Lasa eta Zabala” (Aitor Mantxola).

Nazioarte mailan, “The grand Budapest hotel” lanean Robert Yeomanek egindakoa asko gustatu zait. Oscarretarako izendatu dute.

Euskal Herriko zein paisaia iruditzen zaizu film baterako aproposa?

Gesaltza Añanako Gatz Harana. Aspaldi ezagutu nuen harana, eta beti ibili dut buruan, baina inoiz ez da egokia izan esku artean izan ditudan gidoietarako.

Egun, zein proiektutan ari zara lanean?

Proiektuei buruz, hobe hitzik ere ez egitea, okertu egiten baitira. Baina industria nola dagoen ikusita, ez dira pozarren egoteko modukoak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena