Itxi

Zinema

'Sueñan los androides'

Ion de Sosa: 'Berlinalen, aretoak bete egin dira gure filma ikusteko'

Natxo Velez | eitb.eus

Ion de Sosa Berlinen bizi den gipuzkoar zinemagileak ‘Sueñan los androides’ filma aurkezten dihardu egunotan Berlinalen. 2052. urtean girotuta dago zientzia fikziozko "thriller"a.

Ion de Sosa (Donostia, 1981) Berlinen, bere bizitokian, harat-honat dabil egunotan, bertako zinema jaialdian, Berlinale ospetsuan, ?Sueñan los androides? bere bigarren film luzea aurkezten ari baita. Forum sailean da ikusgai lana, eta publikoaren arreta bereganatu du.

?Sueñan los androides? duela zortzi urtetik Berlinen ezarritako gipuzkoar zuzendariaren pelikula Benidormen grabatu zuten, eta zientzia fikzioa eta thriller-a uztartzen ditu; androideak eta gizakiak hartzen dituen mundu postapokaliptikoa da filmeko istorioen agertoki.

De Sosarekin hitz egin dugu, Berlinaletik bertatik zer bizitzen ari den kontatu diezagun.

Zer kontatzen du ?Sueñan los androides? filmak?

?Sueñan los androides? eskulan merkea lanbide prekarioekin akabatzen duen detektibe baten istorioa da. Filmean, ezin dira gizakiak eta androideak desberdindu, eta, hilketek Bendirormeko kaleetan odola barreiatzen duten bitartean, adinekoek pasodobleak dantzatzen dituzte, horretatik guztitik urrun.

?True love? zure lehen film luzeko planteamendutik nabarmen urrundu zara, horretan neska lagunarekiko harremana lehen pertsonan kontatzen baitzenuen. Badaukate ezaugarri komunik bi lanek edo nahita hartu duzu aurreko lanarekiko distantzia?

?True Love?ren filmatze eta editatzen lanetan, hiru urtez egon nintzen material autobiografikoarekin lanean. Gero, batetik bestera ibili nintzen, filma aurkezten eta uneoro istorio berbera kontatzen: nire harreman pertsonalen ingurukoak aletzen, porrot egin nuela esaten, zorigaiztokoa nintzela azaltzen?

Baina egun batean, 2011ko uztailean Mexiko Hirian, lagun batekin garagardo bat hartzen ari nintzela, nitaz nahikoa hitz egin nuela eta nekatuta nengoela erabaki nuen. Nire hurrengo lana filmatzen, gozatu egin nahi nuen, eta ez nuen neure burua istorioaren barruan kokatu nahi. Zientzia fikzioari heldu nahi nuen, ?True Love?tik oso ezberdina zen zerbait egiteko.

"Do Androids Dream of Electric Sheep?" eleberria irakurri nuen, eta andoideak Bendiormera heltzen direla planteatuta egokitu ahal nuela otu zitzaidan: Nexus 6 petoak, eguzkia hartzea maite dutenak eta bizimodu errazera jotzen dutenak.

Lehen proposamena "En Construcción" Guerinen pelikularen antzeko zerbait egitea izan zen. Gainera, nire familiaren artxiboko materiala ugari nuen, eta androide hilen oroitzapen faltsu gisa erabili ahal izango nituela uste nuen.

Sueñan los androides Ion de Sosa

?Sueñan los androides?eko protagonistak androideak hiltzen ditu, oso-oso garestia den benetako ardi bat erosi ahal izateko, eta 2025an girotuta dago, ?guztia amaitzear dagoela?. Agertoki postapokaliptiko hau gure aurrean dugunaren alegoria ote da?

Bai, oso ezkorra naiz horri dagokionez. Enplegu prekarioek eta gazteak herrialdetik irtetera bultzatzen dituen aukera eskasiak eragin txarra izango dute: biztanleria zahartu egingo da eta, oro har, txiroagoak izango gara.

Esan duzun bezala, "Do Androids Dream of Electric Sheep?" Phlip K. Dicken eleberrian oinarrituta dago zure filma, ?Blade Runner? bezala. Zelan egin diozu ihes Ridley Scotten filmaren itzalari?

?Blade Runner? filmean, Deckardek txartatu dizkioten oroitzapenak, oroimen artifiziala, edonondik etor litezkeela esaten dio Rachel androideari une jakin batean, Tyrrel ilobarenak ere izan litezkeela.

Nik orduan, hau galdetu nion neure buruari: zelako izan zen nire oroitzapenak txertatuta zituzkeen androide bat? Zelan jokatuko luke?

Eleberriaren atmosfera jasotzea zen nire asmorik behinena, filmean baino egunerokoagoa baita, etsigarriagoa. Higiezinen burbuilak eztanda egin osteko Espainiaren gaur egungo egoerarekin parekatu daiteke, nire aburuz, zabarkeria eta hondakin itxura hori. Bere horretan utzitako, eraikitzear, dauden eraikin horiek filmatuta, hondamen batek jotako etorkizun bat irudikatu ahal duzu, baina baita gure handinahiek, aberaskeriak, utzitakoaren erretratu bat ere.

Sueñan los androides

Europar zinemaren Sevillako zinemaldian aurkeztu eta gero, Berlinaleko Forum atalean erakusten ari dira ?Sueñan los androides?. Zer harrera egin dio publikoak orain arte?

Oraingoz bi aldiz proiektatu dute, eta aretoak lepo egon dira. Lehen aldia oso berezia izan da, lagun pilo bat bertaratu baitira. Zortzi urte daramatzat berton, eta une gogoangarrienetako bat izan da.

Proiekzioaren ostean berriketan gelditzen da jendea gurekin, eta sare sozialetan ere iritzia eman dute. Batzuei gustatu egin zaie, eta beste batzuek gorroto dute.

Zelan bizitzen ari zarete horrelako jaialdi bat barrutik? Zerk deitu du zuen arreta, negozioaren ikuspegitik eta ikuspegi azalekoagotik?

Aukera bikaina da programatzaileekin, kritikariekin eta industriaren ordezkariekin egoteko, etorkizuneko egitasmoei begira. Gehien harritu nauena hedabideen arreta eta izaten ari garen oniritzia izan da. Behar-beharrezkoa dugu gure lana ezagutarazteko.

Urnietarra zara, baina hainbat urte daramatzazu Berlinen lanean. Zer alde ikusten dituzu Euskal Herriko eta Alemaniako zinema industriaren artean?

Euskal zinemagintzaren industrian izan dudan esperientzia bakarra 19 urte nituela izan zen: zuzendaritza artistikoko laguntzaile eta elektrikari gisa aritu nintzen. Ez ditut ohiko egitura eta ekoizpen moduak ondo ezagutzen. Film hau Berlin-Brandenbourgen film esperimentalei ematen dizkieten diru laguntza bati esker gauzatu dugu, baina ez dagokio industriari.

Zertan ari zara lanean gaur egun?

?Sueñan los androides? banatzeko lanetan nabil buru-belarri. Lan berri bati ekin aurretik, ahalik eta jende gehienek ikustea dut helburu. Martxoaren 5ean, Trueba zinema aretoan egongo naiz filma aurkezten, eta Jorge Gil Munarrizekin, ?Sueñan los androides?eko gidoia nirekin batera idatzi zuen lagunarekin, bilduko naiz, proiektu berriez solastatzeko.