Zinema
Punto de Vista, barrutik
Paisaiak, iheskortasuna eta, bitartean, aretoak beteta
Mikel Dominguez | Iruñea
Zinema dokumentalaren Punto de Vista jaialdiak Orson Welles eta Aitor Gametxoren pelikuen pase berriak programatu ditu asteburuan, sarrera guztiak saldu dituztelako.
Margaret Tait eta Uharteak zikloetako zenbait pelikulen artean elkarrizketa bitxia sortu da, Lurraren paisaia harrapatzeko modu ezberdinengatik. Eskoziako artistak (egun hauetan haren inguruko atzera begirakoa eskaintzen ari da zinemaldia) bere paradisua erakusten du, beti filmatzeko modu azalez inozoarekin. Happy bees eta The orquil burn filmetan bere jaioterri Orkada uharteetako bizitza lasaia daude. Haurrak presente daude beti, baita grabatzeko ereduan. Geroago filmatutako On the mountain-en, Edinburgoko kale batek bi hamarkadetan izandako aldaketa hartzen du kamerarekin. Aldatzen ez dena Taiten begirada da: inguratzen duen edozein xehetasun interesgarria zaio. The look of the place eta Place of work pelikuletan ere iragana eta orainaren arteko elkarrizketa dago. Azken lanean, bere etxearen ingurua dokumentatzen du, hura bota baino lehen. Pelikula hauek ostiralean, 17:00etan, Baluarten, emango dituzte.
Paradisuaren beste aldean daude Punto de Vistak 'Egon behar ez duten paisaiak' izenarekin bildutakoak. Way Jambu eta Cochihza nabarmengarriak dira. Lehenengoan, sufista baten taula gidatuko du zoriak, olatuen gainean, irla bateraino. Horren ostean, magia. Manu Urangaren film labur honen antzeko bideoa suertatu zitzaion, bide batez, Kepa Acero surflariari, munduan zehar egindako bidaian. Bigarren pelikulan, Khristine Gillard belgiarrak sumendi batek gobernatutako irla bat esploratzen du. Tentsioa plano guztietan dago, mendiari begira, bertikalki, hango biztanleei entzun nahian. Ez da ezer gehiago behar giza ezagutzaz hausnartzeko. Pelikula hauek, eta Isole Nella Laguna (Luciano Emmer eta Enrico Gras) eta Haru, Island of the Solitary (Kanerva Cederstrom eta Riika Tanner), ikusgai egongo dira ostiralean, 17:00etan, Baluarten.
Erdialdeko Eskualdea
Le complexe de la salamandre film luzean, dena da hauskorra. Stephane Manchematinen pelikula basoan bizi en Patrick Neu artistari buruz, funtsean, bizitzari buruz doa. Bizitza, orainaldia bezala ulertuta. Neuren lan egiteko moduek eta artelanek gizakiaren hauskortasuna eta iheskortasuna latzen dituzte. Bizitza bezala, edozein momentuan apurtu edo desagertu daitezke artelanok: kristalezko kopez osatutako dorrea, keaz marraztutako irudiak, erleen hegalez egindako maskara... Eskulan hauek betirako egin ditzakeen edozer mespretxatzen du Neuk, eta hori, edozein galeristaren kontra doa. Azkenean, zuzendariak artistak eraikitako misterioa ere du hizpide.
Diego Gutierrez eta Danniel Dannielen Huellas detektibe pelikula bat da. Zuzendarien lagunak hil berri den auzoko baten pisuan sartzen dituzte, bere irudia aurkitzeko asmoz. Funtsean, bizitzan zeharreko pertsonalitatearen eraikuntzaz ari dira.
Agenda/Atal ofiziala: Le complexe de la salamandre ostiralean emango dute, 20:00etan, Baluarten. Huellas eta Super Unit film laburra (Teresa Czepiec) 22:30etan proiektatuko dute.