Itxi

Zinema

Elkarrizketa

Aitor Gametxo: 'Nola ikusiko dira gaur egungo irudiak etorkizunean?'

Mikel Dominguez

'El otro mapa de Abauntz' pelikula aurkeztu zuen Aitor Gametxo zinemagile bizkaitarrak Punto de Vista jaialdian. X Films Proiektuaren barnean grabatu du filma, Ultzaman (Nafarroa).

  • Aitor Gametxo zinegilea. Argazkia: Punto de Vista.

    Aitor Gametxo zinegilea. Argazkia: Punto de Vista

2014ko X Films Proiektuaren irabazle bezala heldu zen Aitor Gametxo (Lekeitio, 1989) Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdira. Besapean, El otro mapa de Abauntz. Urtero, pelikula bati laguntza ematen dio zinemaldiak X Films ekimenean. Baldintza bakarrak: Nafarroan grabatzea eta zuzendariak bakarrik egitea, inongo laguntzarik gabe. Gametxo Ultzamara joan zen, herrian grabatutako irudiekin mapa berri bat osatzera. Emaitza aurkezteko, sesioa biderkatu behar izan zuen Punto de Vistak, sarrera guztiak agortuta zeudelako.

Askotan egonda zara Punto de Vista zinemaldian: gehienetan ikusle, iaz X Films Proiektuan... Aurten, aldiz, zure pelikula aurkeztera etorri zara.

Sentsazioak oso ezberdinak dira, baina urduritasuna ez da aldatu. Iaz X Films Proiektuan egon nintzen, beste bi zinemagilerekin batera, epaimahai baten aurrean nire proiektua defendatzen. Azken finean, ez daukazuna saltzen saiatzea da hori. Oraingoan, ordea, egin dudana erakustera etorri naiz, publikoaren aurrean. Zentzu batean, hori ere epaitua izatea da. Ilusioarekin nator, pelikula amaituta dagoelako, baina urduritasuna mantentzen da.

Nafarroan grabatu behar izan duzu pelikula, baina bizkaitarra zara.

X Films Proiektuaren baldintzetako bat Nafarroan grabatzea da. Ez daukat inolako lotura zuzenik Nafarroarekin: familiarik, lagunik, ez dut hemen ikasi, ezta bizi ere... Pelikula egiteko ideia Internetetik heldu zitzaidan. Hedabideetan izan nuen harriaren berri, Mendebaldeko Europako lehenengo mapatzat hartzen den harriaren berri. Egia esan, ingurua ez ezagututa, nire burua behartu dut lekuan bertan egotera eta, gutxika, hango jendea ezagutzera, zerotik hasita. Hurbil nagoelako, ez dut behar izan produkzio plan handi bat. Sarritan bidaiatu dut Nafarroaraino, sei edo zazpi aldiz. Lehenengo prozesu batean, suertatu ahal zena harrapatzen nuen, eta azken bidaietan, behar nuena grabatzera etorri nintzen zuzenean. Bizkaian egoteak prozesu hori posible egin du.

Asmoa Abauntzen mapa berri bat egitea zen. Zeinek egiten du hori: pertsonaiek, irudiek ala zuk zeuk?

Hiruren arteko nahaste bat da. Eduki moduan, kolektibitatea ageri da, baina pelikularen egile gisa, ni naiz katalizatzailea. Azkenean, bertako elementuekin lan egin nuen, zori puntu batekin. Askotan, pertsonaien ideiak ere baliatzen nituen, nolabait elkarbanatzeko. “Ni” batetik egin dut pelikula, baina herri oso batean dago ainguratuta, eta jendeak ere eraikitzen lagundu du.

Bukaeran, pelikularen irudiak lurperatzen dituzu.

Hasieratik gustatzen zitzaidan ideia zen. Herrira heldu baino lehen, grabatutako materiala lurpean sartzean iradokitzailea iruditzen zitzaidan, etorkizunean norbaitek topatzeko. Ideia alboratu nuen, baina testigantza askoren ostean, berreskuratu egin nuen. Nola ikusiko dira gaur egungo irudiak etorkizunean? Beti izan dut jakin-min hori. Ez da aitzakia bat edozer gauza grabatzeko, baizik eta kontziente izatera bultzatzen zaituen zerbait. Lumiere anaien pelikulek, adibidez, ez zuten janzteko moduak edo trenak nolakoak ziren erakusteko kontzientzia aktiborik. Urteetako ikuspuntutik hartu dute garrantzia. Hau ariketa bat izan da: garai honetan hau egiten zen, eta ez dakigu zer pasako den etorkizunean.

Iraganean hitz egiten digu filmak, baina orainaldiaz ala etorkizunaz?

Pelikulan zehar, orainaldiaz hitz egitean, “oraindik” bezalako esamolde batzuk erabiltzen ditut. Horrek etorkizunari egiten dio erreferentzia. Gehienetan gertatzen dena gertatzen den moduan deskribatzen dut, baina momentu horiek inplikatzen naizen apurrak dira. Hiru denborekin aldi berean jolasten dut batzuetan: etorkizunetik, orainaldiaz iragana balitz bezala hitz egiten. Polita litzateke filma nola zahartzen den ikustea, baina ariketa suizida da, ez dugulako jakingo etorkizun urrunean nola ikusiko duten.

Zinema egiteaz gain, keinu-hizkuntza ikasten duzu, eta testuan interes komunikatibo hori igartzen da. Lengoaiaren inguruko hausnarketa egin nahi izan duzu?

Hasiera batean, eskuak lokailu bezala erabiltzean planteatu nuen, eta prozesu osoan zehar, eskuekin egindako lanei garrantzia eman diet. Detaile guztiak aprobetxatu nahi izan ditut, eta horregatik grabatu nuen hainbeste material. Komunikazioaren inguruko hausnarketa hori dago. Kotxean, pertsonaia batek, grabatzean benetako momentua galtzen duzula dio. Momentu horretan, segur aski, grabatzean jartzen ari nintzen garrantzia, eta ez komunikazio prozesu horretan.

Zein da zinemagile gazte baten hurrengo pausua?

Egitea oso ondo dago, hori disfrutatzen dut nik, baina proiektuak imajinatzea ere gustatzen zait. Ez grabatutakoan dago fantasia. Gero, zure pelikula bat ikustea ezinezkoa da, ezin izango zenuke sekula disfrutatu, bizitako guztia ahaztu beharko zenukeelako. Aldiz, pilo bat disfrutatzen dut hurrengo proiektua nola izango den imajinatzea.