Zinema
Heriotza
Leonard Nimoy hil da, 'Star Trek'eko Spock
Erredakzioa
Aktoreak iaz iragarri zuen biriketako gaitza zuela, argazki batzuetan gurpildun aulki batean eserita eta arnasa hartzeko makina bati lotuta agertu ostean.
-
Leonard Nimoy aktorea, Spocken paperean. Argazkia: EiTB
Leonard Nimoy aktorea, Star Trek-en Spock pertsonaia antzezten zuena, hil da gaur 83 urte zituela, Bel Airren, Los Angelesen (AEB), biriketako gaitz batek jota, familiak jakitera eman duenez.
Aktoreak iaz iragarri zuen biriketako gaitza zuela, argazki batzuetan gurpildun aulkian eserita eta arnasa hartzeko makina bati lotuta agertu ostean.
Azaldu zuenez, "ongi" zegoen, baina ezin zituen "distantzia handiak oinez egin", eta erretzaileei "lezioa" ikasteko eskatu zien. Izan ere, tabakoarekiko zuen adikzioari egotzi zion gaixotasunaren errua.
1931ko martxoaren 26an Bostonen jaioa, immigrante ukrainar judu ortodoxoen semea zen, eta pop kulturaren ikur bilakatu zen zientzia fikziozaleen artean Spocken pertsonaia egin zuenean. Vulcano planetan jaiotako estralurtarra zen Spock, inteligentzia handikoa, baina sozializatzeko arazoak zituena.
Leonard Nimoy aktorea. Argazkia: EFE
Spock izan zen Star Trek telesailean 1966tik 1969ra, eta pertsonai hori izan zen pelikuletan ere, 1979tik 1991ra, sei filmetan.
Aktoreak berriro egin zuen pertsonaia horren papera JJ Abramsek beste bi pelikula egin zituenean, 2009an eta 2013an.
Vulcaniarraren paperak markatu zuen Nimoyren bizitza profesionala, nahiz eta ahalegin handiak egin zituen bere izena pertsonaiarengandik bereizteko.
Leonard Nimoy aktorearen izarra Hollywoodeko Famaren pasealekuan. Argazkia: EFE
Horren harira, gogoratu behar da 1975ean I am not Spock (Ni ez naiz Spock) izeneko autobiografia kaleratu zuela, baina 20 urte geroago, pertsonaiarekin adiskidetuta, beste autobiografia bat atera zuen: I am Spock (Ni Spock naiz).
Leonard Nimoyk izarra du Hollywoodeko Famaren Pasealekuan, eta Euskal Herrian bereziki ezaguna izan zen, Spock pertsonaiak Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin ustez zuen antzagatik.