Itxi

Zinema

‘Zinemaren Jaia’

Sarrerak 2,9 euroan Hegoaldeko zinemetan, maiatzaren 11, 12 eta 13an

Erredakzioa

Aurrekoetan bezala, ikus-entzuleek izena eman beharko dute ekimenaren webgunean, gaurtik, martxoak 21, aurrera. Iparraldean, 3,50 euroan dago zinemetarako sarrera martxoaren 22tik 24ra.

  • Aurreko edizioan, "Ocho apellidos vascos" izan zen gehien ikusitako filma

    Aurreko edizioan, "Ocho apellidos vascos" izan zen gehien ikusitako filma

Zinemaren Jaiaren zortzigarren edizioa maiatzaren 11, 12 eta 13an izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako zinema aretoetan: 2,9 euro ordainduta atera ahalko dira sarrerak, egun horietarako. “Zinema aretoetara jendea erakarri eta bertara joatea gizarte eta kultura ohitura gisa bultzatzea” dute helburu ekimenaren antolatzaileek, FAPAE Espainiako Ikus-entzunezkoen Konfederazioak, Fedicine Zinema Banatzaileen Federazioak eta ICAA Ikus-entzunezko Zientzia eta Arteen Institutuak.

Aurrekoetan bezala, ikusleek izena eman beharko dute, ekimenaren webgunean, gaurtik, martxoak 21, aurrera. Horrela, akreditazioa lortuko dute, maiatzeko hiru egun horietan zinema aretoetara prezio merkeagoan sartu ahal izateko. 14 urtetik beherakoek eta 60 urtetik gorakoek ez dute zertan webean izena eman.

Edizio honetan ere, hiru bide egongo dira sarrerak erosteko: txarteldegiak, zinema areto batzuen sarreran dauden kutxazainak eta sarrerak Internet bidez erosteko plataformak.

Sarrerak txarteldegietan erosi nahi dituztenek akreditazioa erakutsi beharko dute, eta txartelok kutxazainetan edo Interneten bidez erosten dituztenek aretoen sarreran erakutsi beharko dituzte akreditaziook.

Zinemaren Jaiaren azken edizioetan, “Ocho apellidos vascos”ek jaso du publikoaren ikusmin handiena: ia bi milioi pertsona joan ziren aurreko edizioak iraun zuen hiru egunetan zinema aretoetara, eta horietatik 800.000k aukeratu zuten Emilio Martinez-Lazarok zuzendutako komedia. Haren atzetik, “Capitan América” eta “El gran hotel Budapest” egon ziren, hurrenez hurren 265.000 eta 123.000 ikusle erakarrita.

Iparraldea

Iparraldean ere, martxoaren 22tik 24ra 3,50 euro ordainduta joan ahalko da zinema aretoetara, "Printemps du cinema" ekimenari esker.