Itxi

Zinema

Donostia

Zhang Yimouren film berriak irekiko du Giza Eskubideen Zinemaldia

N.V. | eitb.eus

Apirilaren 17an abiatuko den jaialdiak Armeniako genozidioa, neokolonialismoa eta sexuaren merkatua izango ditu hizpide.

  • 'Coming home' lanak zabalduko du zinema jaialdia

    'Coming home' lanak zabalduko du zinema jaialdia

Coming Home (2014) Zhang Yimou zinemagile txinatar beteranoak Canneseko azken jaialdian aurkeztutako film berriak inauguratuko du Giza Eskubideen XIII. Zinemaldia, apirilaren 17an, Victoria Eugenia Antzokian.

Coming Home filmean Mao Zedongen Iraultza Kulturala amaitu ondoen preso politiko baten etxerako itzulera kontatzen da. Bertara iristean konturatu da emazteak –Gong Li aktoreak interpretatua, Yimouren zinemaren musa, bere lehen filmen eta Chen Kaige, Wayne Wang edo Wong Kar-wai bezalako errealizadoreen lanen protagonista– ez duela ezagutzen.

Horrela, Coming Home-n bitartez aurtengo jaialdiak, besteak beste, memoria kolektiboaren eta errepresioaren gaia tratatuko du. Bertan beste gai hauek ere jorratuko dira: genozidio armeniarra, The Cut filmaren bitartez; neokolonialismoa,  We Come As Friends lanaren bitartez; emakumearen ahalduntzea eta sexuaren merkataritza, Dreamcatcher lanaren bitartez; edo etxerik gabeko immigrazioa, L'abri filmaren eskutik.

19:00etako proiekzioen ondorengo solasaldietan, besteak beste, José Antonio Gurriarán –kazetaria eta Armenios, el genocidio olvidado liburuaren idazlea– edo Mbuyi Kabunda –Afrikako gaietan aditua eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuaren kidea– adituek hartuko dute parte, besteak beste.

Gainera, bi euskal film ere egongo direla iragarri dute gaurko ekitaldian: “Coria y el mar” Diana Navak saharar emakumeen inguruan egindako lana eta “Negar Franko egin zuen aitak” Bertha Gaztelumendik Gerra Zibilaren osteko elkarbizitzari buruz eginikoa.