Itxi

Zinema

Jaialdia

'Bring The Sun Home' garaile, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian

Agentziak | Erredakzioa

Chiara Andrich eta Goivanni Pellegrini italiarrek zuzendutako dokumentalak eguzki panelak jartzen ikasten duen emakume talde baten istorioa kontatzen du.

  • "Bring The Sun Home" Chiara Andrich eta Goivanni Pellegriniren lana izendatu dute film luze onena.

    "Bring The Sun Home" Chiara Andrich eta Goivanni Pellegriniren lana izendatu dute film luze onena.

“Bring The Sun Home” munduko hainbat tokitako emakumeen ahalduntze prozesua azaltzen duen dokumentalak irabazi du Giza Eskubideen Donostiako XIII. Zinemaldiko film luze onenaren saria. Chiara Andrich eta Goivanni Pellegrini italiarrek zuzendu dute lan hori.

Zinemaldiak irabazleen zerrenda iragarri du gaur, prentsaurreko batean, eta horretan, besteak beste, “Discipline” Christophe M. Saber suitzarraren lana ere ageri dela jakinarazi dute. Epaimahai gazteak aukeratu duen istorio horren abiapuntua aita batek supermerkatu batean alabari jotzen dion belarrondokoa da; ekintza horrek hainbat kulturatako gizon-emakumeen arteko elkarrizketa piztuko du.

Amnistia Internazionalak urtero ematen duen saria “Drone” Tonje Hessen Sheiren lanari egokitu zaio aurten. Norvegiar-danimarkar ekoizpenak “estatubatuar droneen gerraren ondorioak” hartzen ditu ditu hizpide, pakistandar biktimen eta droneak gidatu dituztenen lekukotasunak erabiliz.

“Bring The Sun Home”k munduko hainbat tokitako emakume ia analfabeto batzuen istorioa kontatzen du: Indian, eguzki panelak jartzen ikasiko dute, gero beren herrialdeetan kokatzeko. Josemi Beltran jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, pelikularen “mezu baikorra” azpimarratu du, “ekintza txikien bidez mundua aldatu egin ahal dela erakusten baitu”.

Beltranek, gainera, aurten Lourdes Portillo dokumentalgileak Giza Eskubideen Saria jaso duela ekarri du gogora. Izan ere, jaialdira etorri da Portillo, eta Beltranek oso garrantzitsutzat jo du hainbat zinemagile gazte berarekin harremanetan izateko aukera eduki dutela.