Itxi

Zinema

Maiatzaren 15ean

'Asesinos inocentes' filmaren aurkezpenak itxiko du Fant jaialdia

Agentziak | Erredakzioa

Zuzendari sevillarraren lehen film luzea eta “La hora del baño” Eduardo Casanovaren laburra proiektatuko dira itxiera galan. “Under the skin” lanaren emanaldi berezia ere egongo da, maiatzaren 14an.

  • "Under the skin" Jonathan Glazerren lanaren emanaldi berezia ere antolatu du Fantek

    "Under the skin" Jonathan Glazerren lanaren emanaldi berezia ere antolatu du Fantek

FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak "Asesinos inocentes" Gonzalo Bendalaren lehenengo film luzea eskainiz amaituko du bere 21. edizioa. Zuzendaria bera Bilbon egongo da, filmean aritu den taldeko beste zenbait kiderekin batera, bere lehenengo lan luzea aurkezteko, zinemaldi bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

Filmaren aurkezpena FANT 21en amaiera ekitaldiaren barruan izango da, maiatzaren 15ean, 20:00etatik aurrera, Kale Nagusiko BBK Salan. Ohikoa denez, ekitaldian aurtengo edizioko sariak banatuko dira bertan, eta "La hora del baño" Eduardo Casanova zuzendari eta antzezlearen azken film laburra ere eskainiko da.

"Asesinos inocentes" Gonzalo Bendala zinemagile sevillarraren fikziozko lehenengo film luzea da. Nazioartean, Miami International Film Festival zinemaldian aurkeztu zen, eta Malagako 18. Zinemaldiaren Sail Ofizialean parte hartu zuen umore beltzez beteriko suspense klasikoko filmak.

Filmaren protagonistak Maxi Iglesias, Aura Garrido -Fantrobia 2013 sariaren irabazlea-, Manolo Solo, Lucho Fernández eta Miguel Ángel Solá dira. Francisco Garralda (Maxi Iglesias) arazo ekonomiko larriak dituen unibertsitateko ikasle arduragabea da. Ezinbestekoa zaio lizentziatzea, eta Sebastián Espinosa (Miguel Ángel Solá) bere Psikologia irakasleak azterketak gainditzea eskainiko dio, horren ordez bere ikasleak graduazioko azken lana egitea onartzen badu: irakaslea bera hiltzea.

“Under the Skin”

Bestalde, FANTek Scarlett Johansson protagonista duen "Under the skin" (Erresuma Batua, 2013) Jonathan Glazerren lanaren emanaldi berezia antolatu du. Nazioarteko kritikaren arabera, 2014ko film hoberenetakoa izan zen, eta zinemaldietan ikusi ahal izan da -ia zinemaldietan soilik-. 30 sari baino gehiago jaso ditu.

Sinopsiari dagokionez, alien batek emakume erakargarri baten (Scarlett Johansson) itxura hartuko du eta Eskoziako kaleetatik gora eta behera ibiliko da, gizon bakarti eta fidakorrak euren amaierara eramanez, Michel Faberren izen bereko eleberriaren moldaketa surrealistan. Saioa maiatzaren 14an izango da, 20:00etan, Golem-Alhondigako auditoriumean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena