Itxi

Zinema

Kronika

Inor ez zen 'Dheepan'ekin akordatzen... epaimahaia izan ezik

Begoña del Teso | Cannes

Nahiz eta egilea, Audiard, maila gorenekoa izan, ustekabe galanta hartu zuen Cannesek Urrezko Palma nori eman zioten aditzean.

  • Jacques Audiard, Kalieaswari Srinivasan eta Jesuthasan Antonythasan. EFE

    Jacques Audiard, Kalieaswari Srinivasan eta Jesuthasan Antonythasan. EFE

Igandea kategorian hasi zen. FIPRESCI Zinema Kritikarien Nazioarteko Elkarteak Laszlo Némes Hungariako maisuetan maisuena den Bela Tarren ikasle preziatuaren Saul Fia besarkatu zuen propio duen sariarekin

Birkenau kontzentrazio esparruan gaude, eta orain badakigu nolakoa zen hango infernua. Nolako zaratak, nolako soinuak, nolako usainak, nolako haragi pozoitua eta errearen lurrina. Nolako malkoak, nolako zotinak, nolako miseria entzuten/usaintzen, aditzen/ukitzen ziren han. Nolako etsipena. Nolakoa bizirik irauteko grina. Nolako sentsazioa sumatzen duzunean jada ez zarela… gizakia. Danteren infernuan gaudela dirudi. Baina ez, filmaren gaua, sua, orroak gureak dira. Hemengoak. Europarrak, joan den mendekoak.

Ezin hobeto hasi zen Canneseko azken eguna. Jo eta fuego azken zeluloidezko aztarnen bila, desioan, zain, esperoan. Aretoak, oraindino, mukururaino. Sorpresak, oraindino miresgarriak (Lanthimos The Lobster berriro ikustean… Horren, horren erreal/surreala… Geroago epaileek saritu zuten, eta ederki asko ulertu genuen garaikur berezi hori)

Eta iritsi zen sariak banatzeko ordua eta ardura. Eta han ginen denok. Eta epaimahaia fin-fin hasi zen: Gidoiaren saria Michel Francori eman zioten Coen anaiek, Guillermo del Torok, Dolanek eta konpainiak. Ederto, Chronicek izkribu hertsia du eta bere lerro zehatzen artean ez da zaborrik sartzen. Polita ere emakumezko aktoreekin egin zuten iruzur dotorea: saritu zuen, bai, Carol filmeko antzezle bat, baina ez Lady Blanchett Rooney, Mara baizik. Eta, harekin batera, sari berarekin Emmanuelle Bércot ere goraipatuz, inork kontrolatzerik ez duen Maïwennen Mon roi lan estrainio eta benetakoa atera zuten iluntasunetik eta askoren gorrototik salbatu.

Ezin hobeto zihoan dena igandean. Hou Hsiao-hsieni eskaini zioten zuzendaririk onenaren ikurra eta inor ez zen kontra altxatu. Vincent Lindon aldarrikatu zuten aktore onena, eta Iparraldeko irakurleek sari honen zioaren berri zehatza dute, han baitago ikusgai La loi du march.

Eta Urrezko Palma nori eman zioten entzutean, pixka bat ilundu zitzaigun igandea. Maite dugu maite Un profeta eta De óxido y hueso filmen egilea, baina… Dheepan al da aurtengo film onena?

Parisko auzo batean hiru etorkin tamilen istorio honek indarra du… Giza Eskubideen aldeko zinemaldi baterako, nik uste. Ondo kontatuta dago, baina esfortzurik gabe, borrokarik gabe. Hala ere, inork ez zuen gure igandea zapuztu, burua eta bihotza baikenuen eta baitugu zeluloide basaz.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema