Itxi

Zinema

Urriaren 4ra arte, Donostian

Pier Paolo Pasoliniri begira, Erroma aitzakia hartuta, San Telmon

N.V. | eitb.eus

"Pasolini Roma" erakusketak Pier Paolo Pasolini idazle eta zinemagile italiarrak herrialdeko hiriburuarekin zuen harremana hartzen du ardatz haren nortasunera hurreratzeko.

  • Pier Paolo Pasolini

    Pier Paolo Pasolini

Sei geldialdi proposatzen ditu ‘Pasolini Roma’ Pier Paolo Pasolini italiar idazle eta zinemagilearen inguruko erakusketak San Telmo Museoan. Abiada 1950eko urtarrilaren 28ak, Erromara heldu zen egunak, ezartzen du, eta helmuga 1975eko azaroaren 2ak, Ostiatik gertu haren gorpua aurkitu zuten egunak.

Pasolinirentzat, Erroma ez zen dekoratu edo bizileku soila, eta hiriarekiko maitasun istorioa eraiki zuen, erakusketaren antolatzaileek azaldu dutenez: “Desengainuak, maitasun eta gorroto sentipenak, erakarpena, arbuioa eta joan-etorriak egon ziren”.

“Pasolini aurreko eta ondorengo Erroma bat dago: bere idatziek eta filmek hiriaren iruditieria berri bat sortu zuten. Erroma birsortu egin zuen literatura eta zinemaren bitartez”, urriaren 4ra arte ikusgai egongo den erakusketaren antolatzaileen hitzetan.

Zinemagile huts izatetik oso urrun egon bazen ere, zinemagile ere bazen Pasolini, noski, eta, dagokion bezala, haren filmen proiekzioak egongo dira museoan, baita bisita gidatuak, Pasolini Gaua (abuztuak 22) eta “Cine y disidencia” mahai ingurua ere, irailaren 16an; José Luis Rebordinosek, Joxean Fernandezek, Jabier Rebollok eta David Truebak parte hartuko dute horretan.