Itxi

Zinema

Estreinaldia

Bajo Ulloa: 'Txapuzaren omenezko monumentua da ‘Rey gitano’ filma'

Natxo Velez | eitb.eus

Juanma Bajo Ulloa gasteiztar zuzendariak “Rey gitano” bere seigarren film luzea estreinatu berri du. “Airbag”en erakutsi zituen erritmo bizi eta umore lotsagabea berreskuratu ditu bertan.

Juanma Bajo Ulloa zuzendariak (Gasteiz, 1967) bere alderik zoro, lotsagabe eta politikoki ez-zuzenenari bide eman dio Rey gitano lanean, aretoetara bueltan dakarren filmean. Lan honetan, ?errealitate absurdua eta amildegi ertzean dagoen herrialdea? asmatu ditu (edo islatu egin ditu, esan beharko genuke agian, fikzioa egiten dutenen lehiarik handiena ?Teleberri? dela esan baitigu).

Alboan, Karra Elejalde eta Manuel Manquiña (ostera ere elkarrekin), Arturo Valls eta Maria Leon dituela, Jose Mari eta Primitivoren istorioa kontatu du Bajo Ulloak. Bi detektibeok langabezian daude, Gaje ijito limurtzaile eta parrandazaleak misio zentzugabe bat eskatzen dienean.

Juanma Bajo Ulloarekin hitz egin dugu, filmaren zertzelada batzuk eman diezazkigun.

Zer aurkituko du ikusleak Rey gitano-n?

Film ezohikoa da, beren burua erregetzarekin lotutako abentura batean nahasita ikusiko duten bi galtzaileren inguruko tragikomedia, bizitza bera den bezala, absurdu eta burlatia. Txantxari eginiko omenaldia da, txapuzaren omenezko monumentua.

Komediara itzuli zara, Airbag mitikoaren ostean, eta hainbatek erkatu egingo ditu, dudarik gabe. Zer dute berdin eta zerk ezberdintzen ditu pelikula biak?

Denborak sortzen ditu mitoak. Airbag estreinatu genuenean, hainbat hedabidetan horren erantzun sutsua egon zen, delituren bat egin genuela uste izan genuen. Baina orduko gure laidoa bedeinkapen bihurtu zen gero...

Rey gitano-k eta Airbag-ek politikoki zuzena ez den umorea, erritmo bizia eta komediarako dohain izugarriak dituzten aktoreak dituzte komunean. Baina oso istorio ezberdinak kontatzen dituzte, eta Rey gitano-k gertu-gertukotzat har dezakegun errealitatea islatzen du.

Karra Elejaldek eta Manuel Manquiñak osatzen duten bikotea baliatu duzu berriz. Zer esango zenuke horiei buruz?

Interpretazioaren bi munstro dira, nire aktore fetixeak. Ederto ematen dute kameraren aurrean, nortasun eta indar handiak dituzte, eta kimika berdingabeko bikote komikoa osatzen dute. Rey gitano-ko platoan Jose Mari eta Primitivo gisa jantzita agertzen ziren bakoitzean, lantaldeko kideen ahoetan irribarreak agertzen ziren, inprobisazio zoroak egiten noiz hasiko ote ziren.

Hori bai, beraiekin, pelikula bat aldian behin soilik?

Karra Elejalde Manuel Manquiña

Filmean, ?porrot eginda dagoen herrialdea, susmopean duten gobernu bat, bere onenean ez dagoen monarkia eta bi Espainien ordezkari garbi bana? erakusten dituzu. Fikzioa egiten duzuenon kalterako, ez ote du errealitateak harriduraren maila altuegi jarri?

Hori da. ?Teleberri? dugu lehia nagusi. Hain zuzen ere, pelikula honetan anekdota handia dugu horren inguruan.

2012an idatziriko argumentuan, erregeak semearen alde abdikatzen zuela agertzen zen, eta hori ia sinesgaitza zen Historiaren ikuspegitik. Sinesgarritasuna kenduko ote zion beldur nintzen.

Baina filmatzen hasi baino hilabete lehenago, erregeak abdikatu egin zuen eta nire fikzioa errealitate bihurtu zuen? Eskerrik asko, Juancar!

Zinema aretotik irtendakoan, ikusleak zer pentsatzea gustatuko litzaizuke?

Bere onetik ateratako dibertimendu honetan jendeak dibertsioa aurkitzea, eguneroko gogorretik deskonektatzea, nahiko nuke.

Eta ederra litzateke, gainera, hausnarketa ekartzea gero, bizi dugun egoera honetan guk dugun erantzukizunari adeitasunez baina errua zuritu gabe begiratzea.

Hesien garaian bizi gara, umorea ere mugatzen da? Sortzailearen lanerako, nolako zama da hori?

Egiazki, adierazpen askatasunak garai txarrak bizi ditu, eta zentsura justifikatzeko prest dagoenik bada, beti bezala.

Baina mugak norberak jartzen ditu, eta sortzaileak berea du boteretik ezarritako muga horiek onartzeko edo ez onartzeko erantzukizuna.

Umorea, berez, balio positiboa da, errepresiorik onartu ezin duen adimenaren erreminta, eta ez du zerikusirik errespetu faltarekin edo irainarekin.

rey gitano karra elejalde manuel manquiña

Euskal zinema bolada onean dagoela ematen du, estreinaldi askotxo egon da iaz (Loreak, Negociador, Lasa eta Zabala, A escondidas, Los tontos y los estúpidos?). Zelan ikusten duzu zuk?

Euskal zinemaren egunerokotik nahiko aldenduta nago, baina pelikula horietako batzuk ezagutzen ditut eta badakit zer bide egin duten. Euskal herritarrek adierazteko behar handia dute, eta berori hainbat bidetatik transmititzeko talentua badute. Hori dela eta, ez daukat dudarik gure herrian sortzaile andana bat izango dugula beti.

Hala ere, herria definitzen eta haren lekukotasuna lagatzen duen adierazpide honen balioaren inguruko sentiberatasun eta konpromiso sozial eta politikorik gabe, sortzailearen ahalegina galdu egingo da, nahitaez.