Itxi

Zinema

Elkarrizketa

'Bi milioi euroko webserieak ere badaude; sektore profesionala da'

Maider Beistegi | eitb.eus

Bilbao Web Fest jaialdiaren lehen edizioak nazioarteko eta Estatuko webserieen ekoizpenaren gunean jarri du Bilbo; 21 herrialdetatik etorritako 100 lan lehiatuko dira.

  • Oliver Mend eta Rose of Dolls, Bilbao Web Festeko burua eta arima

    Oliver Mend eta Rose of Dolls, Bilbao Web Festeko burua eta arima

Oliver Mend eta Rose Of Dolls errealizadoreak dira Bilbao Web Fest jaialdiko burua eta arima. Hazten ari den ikus-entzunezko industriaren sektore ezezagun bati bultzada eta babesa emateko sortu dute ekimena. Ate asko jo eta hamaika telefono dei egin ondoren lortu dute Euskal Herrian egingo den webserieen lehen jaialdiko uzta: 100 webserie, 21 herrialdetan egindakoak.

Bilbao Web Festera aurkeztutako lanak bi sekziotan lehiatuko dira. Sekzio Ofizialean, maila handiko 40 lanek hartuko dute parte, eta 22 sarietako bat jasotzeko lehiatuko dira. ‘Amets’ sekzioan, ostera, aurrekontu txikiagoarekin egindako lanek hartuko dute parte; 60 proiektu eta 11 sari, guztira.

100 webserie erakutsiko dituzte asteazkenetik ostiralera; 22 Euskal Herrian eta Estatuan egindakoak dira, eta 78, berriz, Estatu Batuetan, Frantzian, Italian, Kanadan, Australian, Erresuma Batuan eta Libanon. Lehiaketara aurkeztuko diren proiektuak EHUren Paraninfoan ikusi ahalko dira. Jaialdia ostiralean amaituko da, Guggenheim Bilbao Museoan, 21:00etan, egingo den sari banaketa ekitaldiarekin.

Jaialdia hasi baino ordu batzuk lehenago egin dugu zita Oliver Mend eta Rose Of Dolls antolatzaileekin. Azken asteetan lo gutxi egin dutela aitortu ondoren ekin diogu solasaldiari.

Zer dira webserieak?

Rose: Formatu laburreko serieak dira, soilik Internetez ikusteko egindakoak. Telebistako serieen antz handia dute; kapituluak eta denboraldiak dituzte.

Sarean kontsumitzeko eginak dira, eta berdin dio gero telebistan ematen dituzten. Beraz, "House of Cards" serie ezaguna ere webseriea al da?

Rose: Webseriea da, bai, Netflix online plataforma delako, eta sarean ikusi delako beti. Dena dela, eztabaida dago webserieen inguruan, askotan, bien arteko marra fina delako.

Webserieen unibertsoan ez galtzeko, egin 10 webserierik onenen zerrenda.

Rose eta Oliver: Mortal Kombat’ eta Doctor Horrible's Sin-Along Blog’. Bi horiek inflexio-puntu bat izan dira. Lehenengoak bi milioi euroko aurrekontua du, eta bigarrenak aktore ezagun asko eta Joss Whedonen zuzendaritza du. Industria hau profesionala da, ez da kostu txikiz eta edozein modutan egindako ikus-entzunezkoen sektore bat. Bertoko ekoizpenari begiratuz gero, bi izen aipatu behar ditugu:

Qué vida más triste’ eta Cálico electrónico’. Bilboko jaialdian lehiatuko diren 40 lanak ere maila handikoak dira.

Gurean hazten ari den sektorea da…

Rose: Egia esan, Euskal Herritik proposamen gutxi heldu zaizkigu. Besteak beste, horregatik antolatu dugu jaialdia. Industria haztea nahi dugu, hemengo errealizadoreak animatu eta lagundu nahi ditugu.

‘Gifted Corporation’ webseriearekin hamaika sari jaso dituzue Estatuan zein nazioartean. Bilbon filmatutako lan honek 19 sari jaso ditu; Estatuko sarituena izan da.

Rose: Egia esan, ez genuen espero. Duela hiru urte hasi ginenean, bost jaialditara bakarrik aurkeztu genuen. 19tan izan da jada. Azken urte hauetan, asko hazi da webserieen sektorea. Azaroan, Rioko eta Dublingo jaialdietara eramango dugu.

Bilbo, webserieeen erdigune: 21 herrialde eta 100 lan

Oliver: Webserieen erakusleihoa eraiki nahi izan dugu egunotan Bilbon, eta hiriburua ikus-entzunezko industria honen erdigunean jarri. Jendeari, berriz, webserieak zer diren erakutsi nahi diogu; alegia, sektore profesionala eta landua dela.

Epaimahaian ere jende ezaguna

Rose: Jean Michel Albert (webserieen Europako lehen jaialdiko zuzendaria), Bryan Thompson (zuzendari, ekoizle eta Miami Latino Web Festeko zuzendaria), Gorka Vazquez (animazio zuzendaria), Patxi Urkijo (zinema zuzendari eta EHUko irakaslea) eta Ana Murugarren (zuzendari eta editorea) ditugu. Epaimahaiak jasotako lanen kalitatea eta freskotasuna nabarmendu du.

Oliver: Patxi Urkijok esan digunez, garai batean film laburretan ikusten zuena ikusten ari da orain webserieetan.

Zein dira zuen hurrengo proiektuak

Oliver: ‘Gifted Corporation’eko bigarren denboraldia idatzi dugu; 14 kapitulu izango ditu. Bi ekoiztetxe jarri dira gurekin harremanetan dagoeneko. Horrez gain, beste webserie bateko gidoia idazten ari gara, eta gure ametsa Estatu Batuetan film luze bat grabatzea da.