Itxi

Zinema

Urriak 15-22

Zinema Ikusezinaren Bilboko Zinemaldiak hausnarketari bide egingo dio

N.V. | eitb.eus

Garapenaren, giza eskubideen, genero berdintasunaren, interkulturalitatearen eta elkartasunaren aldeko jaialdia urriaren 15etik 22ra egingo dute, Bilbon.

  • "Boxing for freedom" dokumentala irekiera galan emango dute

    "Boxing for freedom" dokumentala irekiera galan emango dute

"Film Sozialak" Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Bilboko Jaialdiak 43 herrialdetako istorioak kontatzen dituzten 79 film eskainiko ditu urriaren 15etik 22ra. Zazpigarren edizioa duen honetan, hamaika gai eta pertsona izango dituzte pantaila hartuko duten filmok hizpide: Guatemalan indarkeria matxistaren aurka borrokatzen diren emakumeak; Marokoren eta Espainiaren arteko amildegian galdutako itxaropen eta biziak; Mauritaniako herrixka baten eguneroko bizimodua; Sadaf Rahimi afganistandar boxeolari gaztearen istorioa; transexualitateari buruzko kubatar kontakizun bat… Itzalpean ezkutatu ohi dituzten hamaika gai argitu eta pantailara eramango ditu topaguneak.

Jaialdiaren erdigunea Bizkaiko hiriburuko Azkuna Zentroa da, eta, Teresa Laespada Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko Bizkaiko foru diputatuaren hitzetan, “jendeak dibertsitatearen eta gizarte konpromisoaren inguruan kontzientzia hartzeko modu indartsua da”.

Gainera, Carlos Vazquez zinema jaialdiaren zuzendariak argitu duenez, ikusiko diren film guztien % 49,5 emakumeek zuzendu dituzte “nahiz eta sektorean emakumea begiko izaten ez den”.

Inaugurazio gala urriaren 15ean izango da, ostegunarekin, 19:30etik aurrera eta “Boxing for freedom” dokumentala proiektatuko dute bertan. Itxiera ekitaldia, bestalde, astebete geroago helduko da, urriaren 22an, ordu berean. Sariak eman, eta “Las Poderosas” antzezlana taularatuko dute orduan.

Jaialdiaren erdigunea alondegi zaharra eta Golem zinema aretoak izango dira, baina lurraldeko zortzi herritako bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako institutuetara ere helduko da, Bilbo, Barakaldo, Erandio, Portugalete, Mungia, Iurreta, Getxo, Leioa eta Elorriora.

Kultura Communication Desarrollo garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen du zinemaldia, kulturaren eta komunikazioaren bidez giza garapen bidezko eta iraunkorra bultzatzeko.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Bilbo