Itxi

Zinema

Euskarazko lana

'Igelak' Patxo Telleriaren film luzea filmatzen hasi dira

Agentziak | Erredakzioa

Gorka Otxoa du protagonista Telleriak idatzi eta zuzendutako lanak. Zazpi astez izango dira ETBren parte hartzea duen lana filmatzen, euskara hutsez.

  • Gorka Otxoa da filmeko protagonista

    Gorka Otxoa da filmeko protagonista

"Igelak" Patxo Telleriak idatzi duen eta zuzenduko duen film luzea filmatzen hasi dira, astelehenean. Gorka Otxoa protagonista duen filmaren ekoizpenaz Abra ekoiztetxea arduratuko da, eta "Lasa eta Zabala" lanarekin izan zuten arrakasta errepikatzea du helburu. Filmak ETBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren laguntza du.

Filmaren arduradunek jakinarazi dutenez, "Igelak" Pasaia eta Oiartzun Gipuzkoako udalerrietan hasi da filmatzen, eta zazpi astez arituko dira lan horretan. Euskara hutsez filmatuko dute, batez ere, Donostian eta inguruan.

Euskal musikari asko

Euskal musikari askok parte hartuko dute, hala nola Ainhoa Artetak, Xabi Solanok (Esne Beltza), Gose taldeak, Francisek (Doctor Deseo), Natxo de Felipek (Oskorri), Oreka TX txalapartari bikoteak eta Gatibuk; hain zuzen, Gernikako taldeak filmerako abesti bat konposatuko du.

Gorka Otxoak ("Pagafantas", "Bypass", "Los miércoles no existen", "Velvet") banku sukurtsal bateko zuzendariarena egingo du. Aktoreen zerrenda, Otxoarekin batera, Miren Gaztañagak, Josean Bengoetxeak, Gurutze Beitiak eta Mikel Losadak osatuko dute, besteak beste.

Patxo Telleriak idatzi eta zuzenduko duen filma musika ukituak dituen euskal komedia izango da, eta Joxe Portela eta Alberto Gerrikabeitiak (Abra Prod.) ekoitziko dute, 2.000.000 euroko aurrekontuarekin.

Filmaren lantaldean, Juanma Pagazaurtundua produkzio zuzendaria ("La vida inesperada", "La Comunidad", "Martín (Hache)"), Aitor Mantxola argazki zuzendaria ("Velvet", "Bon Appétit"), Peio Villalba arte zuzendaria ("Lucia y el sexo", "La Comunidad"), Saioa Lara jantzi arduraduna ("Embarazados", "Loreak"), Iciar Arrieta eta Lola López ile apainketa eta makillaje arduradunak ("Lo imposible", "La Gran Familia Española", "Orfanato") eta Iñaki Salvador musikaria daude.

Etxegabetuak eta bakuko zuzendaria

Sinopsiari dagokionez, Pello banku bateko zuzendaria delitu ekonomikoengatik atxilotuko dute. Bere nagusiak ere nahasita daude eta, bakarrik utzi dutela konturatzean, ihes egingo du, kartzela saihesteko. Patuaren kapritxo bategatik etxegabetuen elkarte batek okupaturiko etxe batean aurkituko du babesa, eta bere kide berrien konfiantza bereganatuko du.