Itxi

Zinema

Goya sariak

Iraia Elias eta Asier Etxeandia, Goya sarietarako izendatuta

N.V. | eitb.eus

Asier Etxeandia bilbotar aktoreak eta Emma Suarez madrildarrak iragarri dute otsailaren 6an Madrilen emango dituzten sarietarako izendatuen zerrenda.

1:27
Asier Etxeandia

'La novia' Paula Ortizen lanak jaso du izendapen gehien, hamabi, Goya sarien 30. ediziorako. Haren atzetik, 'Nadie quiere la noche' (Isabel Coixet) dago, bederatzi sailetan lehiatuko baita. Gaur eman dute ezagutzera otsailaren 6an banatuko dituzten espainiar zinemaren lanetarako hautagaien zerrenda Asier Etxeandia bilbotarrak (bera ere izendatuta dago, aktore onenaren atalean) eta Emma Suarez madrildarrak.

Horien atzetik, 'El desconocido'k eta 'Un día perfecto'k zortzina izendapen bildu dituzte, eta 'A cambio de nada'k eta 'Truman'ek, seina.

Euskal zinemari dagokionez, Asier Etxeandia gizonezko aktore onenaren sarirako hautagaien zerrendan egongo da, eta Iraia Elias ('Amama') eta Irene Escolar ('Un otoño sin Berlín' Lara Izagirre zornotzarraren filmeko protagonista) emakumezko aktore berri onenaren sailean lehiatuko dira.

Borja Cobeaga donostiarra jatorrizko gidoi onenaren atalean izendatu dute, 'Negoziatzailea' bere filmagatik, eta 'Yoko eta lagunak' filmak animaziozko lan onena izateko bidean parte hartuko du. David Ilundain iruindarra "B" filmaren gidoiagatik aukeratu dute irabazlegaien artean, gidoi egokitu onenaren atalean.

'Mi gran noche' Alex de la Iglesia zuzendariaren lanak, bestalde, lau izendapen jaso ditu efektu berezien, jantzigintzaren, zuzendaritza artistikoaren eta soinuaren atalean. 'Ma ma' Julio Medemen lana hiru ataletarako aukeratu dute; besteak beste, jatorrizko musika onenerako, Alberto Iglesias donostiarraren lanari esker.

Karmele Soler makillatzailea, aurten Zinemaldian Zinemira euskal zinemaren saria jaso duen profesionala, ere badago izendatuen zerrendan, 'Palmeras en la nieve' lanean eginiko lanarengatik.

Film laburren atalean, fikziozko lanei dagokienez, 'Cordelia' Gracia Querejetaren lana dago izendatuta, eta, dokumentalen atalean, 'Hijos de la Tierra' Axel O'Mill eta Patxi Urizena.