Itxi

Zinema

Gipuzkoa

Aldundiak 'Loreak'i aitortza egin eta 40.000 euroko laguntza eman dio

Agentziak | Erredakzioa

Gipuzkoako Aldundiak filmeko ekoizleei diru laguntza ematea onartu zuen joan den asteartean, “Oscarretan lehiatzeko kanpainak eragindako gastuak ordaintzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak "babesa, esker ona eta aitortza" adierazi dizkio "Loreak" filmaren lantaldeari. Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendutako pelikula Oscar sarietan atzerriko film onenaren saria lortzeko bidean izan da, baina joan den astean AEBetako Arte eta Zinema Akademiak kanpoan geratu dela jakinarazi zuen.

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletarako foru diputatua eta Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatua filmaren ekoizpenaren arduradun Iñigo Obesorekin agertu dira astelehen honetan Donostian. Bertan, pelikularen ekarpena aldarrikatu, eta Aldundiak 40.000 euroko laguntza emango diola iragarri dute.

Horrela, "aurrekaririk gabeko arrakastatzat" jo dute proiektuaren ibilbidea, eta "gure kultura industriarentzat, zinema arlokoarentzat bereziki, suspergarri" izan dela esan dute. "Horregatik babesa eta sostengua adierazten jarraitu behar diogu", adierazi dute.

Zentzu honetan, joan den astearteko Gobernu Kontseiluan, sail ezberdinen bitartez, pelikularen ekoizleei 40.000 euroko diru laguntza ematea adostu zela jakinarazi dute. Diruak Oscar sarietarako kanpainan filmak AEBetan izan dituen sustapen, komunikazio eta publizitate gastuak finantzatzea du xede.

"Loreak" Gipuzkoako enpresek ekoitzi dute, filmeko gidoilariak eta zuzendariak gipuzkoarrak dira, pelikula osoa euskara hutsean eginda dago, eta grabazioa, muntaia eta posprodukzioa Gipuzkoan egin dira; 'Gipuzkoa' markaren eredu garbia da, gure hizkuntzarena, geurea bultzatuz nazioartean tokia lortu daitekeenaren adibide garbia", esan dute gaurko agerraldian.

“Minerita”

Halaber, Obesok eta Denis Itxasok ez dute “Minerita” film laburra ahaztu. Kimuak programa barruan dagoen lana Oscarretan lehiatzeko mugan dago. Urtarrilaren 14an jakingo da azken erabakia, eta, hortaz, Hollywoodeko ekitaldian egongo ote den.

Itxasoren hitzetan, “Kimuakek poztasuna ekartzen jarraitzen du. Zorterik onena opa diogu 'Minerita' lanari”.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura