Itxi

Zinema

60. hamarkadakoak

Egun ditugun euskarazko lehen dokumentalak zaharberrituko dituzte

Erredakzioa

Gotzon Elortza getxotarrak filmatu zituen 'Ereagatik Matxitxakora', 'Elburua Gernika' eta 'Aberria' filmak. Garai hartan Parisen bizi zen Elortza, eta hainbatetan gainditu zuen muga, lanak grabatzeko.

60.hamarkadan, Gotzon Elortza getxotarrak hiru dokumental grabatu zituen euskaraz: Ereagatik Matxitxakora, Elburua Gernika eta Aberria. Izatez, Getxokoa da Elortza, baina garai hartan Parisen bizi zen. Hizkuntzaren biziraupenerako ikus-entzunezkoak zuen garrantziaz jakitun, hainbatetan gainditu zuen muga, orduko pertsonaia eta egoerak plazaratzen dituzten euskarazko lanak filmatzeko.

Orain, Getxo, Gernika eta Bermeoko Udalek, Uribeko kostako mankomunitatearen eta Bizkaiko Foro Aldundiaren laguntzarekin, lan hauen zaharberritze lana burutzeko proiektua garatu dute. Balio historiko eta etnografiko handiko lanak omen dira, eta hizkuntza mailan ere garrantzia handia ei dute. Getxoko Udalak jakitera eman duenez, egun ditugun euskarazko lehen dokumentalak dira.

Orain arte Euskadiko Filmotegian izan dira, Donostian; baina Bartzelonara egin dute bidaia, hango laborategi batean masterizazio prozesuari ekiteko. 50 urte dituzten zintak kontserbatu ahal izango dira horrela.

Gotzon Elortzak 86 urte ditu eta Getxon bizi da gaur egun. Bere esanetan, ''''dokumentalok oso tolesgabeak dira, orduko errepresioa oso handia zelako''''. Egilea ''''pozik'''' agertu da bere lanek jaso duten aitorpenagatik. Hori bai, ''''orain 50 urteko kontuak dira'''' dokumentaletan ageri direnak, Elortzaren ustez. ''''Garaian garrantzia handikoak izan ziren, baina ez zituzten behar bezala aintzat hartu'''', egilearen esanetan.

Apirilaren 23an dokumentalok ikusgai izango dira, Getxoko Andres Isasi musika eskolan, arratsaldeko 19:30ean.