Itxi

Zinema

Film berria

Jon Garaño: 'Aspaldidanik egin nahi genuen Altzoko Handiaren filma'

Natxo Velez | eitb.eus

Moriarti, besteak beste “Loreak” filmaren atzean dagoen ekoiztetxea, bere hurrengo proiektuan buru-belarri ari da lanean. Gaur hasiko dira “Altzoko Handia” pelikula filmatzen.

1:56

Gaur hasiko da Moriarti ekoiztetxeko lantaldea, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariak buru direla, "Altzoko Handia" pelikula filmatzen, XIX. mendean Tolosaldeko herrian jaio eta bizi izan zen 2,42 metroko gizasemearen istorioa pantailaratzeko lanean.

Migel Joakin Eleizegiren istorioak aspaldi piztu zuen Jon Garaño ("Loreak", "80 egunean"…) zinemagilearen arreta, eta, hainbat bueltaren ostean, gaur hasiko dira kameretan jasotzen, EiTBren parte hartzearekin, han-hor-hemen atrakzio gisa erakutsitako altzotar erraldoiaren istorioa.

Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariekin hitz egin dugu.

Zerk erakarri zintuzten Altzoko Handiaren istoriotik? Zerk bultzatu zintuzten istorioa film bihurtzera?

Jon Garaño: Istorioa aspaldidanik zegoen Moriartiren agendan. Aspaldidanik esan izan dut pertsonaia horren inguruan pelikula bat egitea interesgarria izan zitekeela, baina bazkideek ez zuten istorioa argi ikusten.

Urte batzuk pasatuta, proiektua hobeto garatu eta aurkeztu nien, egokia izan zitekeela pentsatu zuten eta lantzekotan gelditu nintzen, baina, beste proiektu batzuetan murgilduta nenbilenez, ezin izan dut lehenago egin.

Bien bitartean, Irusoinen, Altzoko Handia pertsonaiaren inguruko gidoi bat jaso zuten, Andoni de Carlosen eskutik. Berak animaziozko filma egin nahi zuen, umeentzat, eta guk ez, baina antzekotasun batzuk ikusten genituen. Orduan, irudi errealeko filma egitea proposatu genion, eta hori garatzen aritu gara urte askoan.

Migel Joakin Eleizegi 2,42 metroko gizona zen, eta, esan gabe doa, erronka da horrelako gizon bat edo duela 150 urteko Euskal Herria pantailaratzea. Zer baliabide erabiliko dituzue hori guztia pantailara eramateko?

Aitor Arregi: Bai, jakina: hori da filmaren erronka handienetakoa. Ez dago 2,42 metro neurtzen duen aktorerik, noski, eta are gutxiago aktore euskaldunik.

Pertsonaia sortu egin behar izan dugu, beraz, efektu digitalak, efektu optikoak eta era guztietako trikimailuak erabiliz.

Hala ere, ez da komeni dena azaltzea, honen guztiaren magia galdu egin daitekeelako.

Non egingo dituzue filmatze lanak?

JG: Euskal Herri osoan ez, baina Euskal Herriko oso eremu zabalean ibiliko gara: Artikutzan hasiko gara, hortik Beizamara joango gara eta hurrengo asteetan Bilbo, Leioa, Durango, Irun, Hondarribia, Donostia, Biarritz, Baiona, Zestoa, Tolosa, Zerain, Ezkio-Itsaso, Altzo, Zumaia eta Zarautz bisitatuko ditugu.

Proiektu handia duzue aurretik, gurean ohikoak diren baino handiagoak. Zelan aurre egiten diozue horrek dakartzan buruhauste eta abantailei?

JG: Bai, egia esan, oso proiektu handia da, hemengoekin konparatuz.

Horrelako pelikula bat izateko (XIX. mendea, erraldoi bat, efektu berezi asko…), ez da garestia, baina egia da diru asko dagoela atzean, eta hori erronka bat da, orain arte ez baitugu horrelako film handirik egin.

Buruhauste handiak izan ditugu aurre-ekoizpen lanetan, baina orain argi dugu gauzak nola egin, zalantzak eta urduritasuna gorabehera. Halere, prest gaude.

Atzoko Handia kartela

Ikuskizun gisa, garaiko jendea entretenitzeko han-hor-hemen erakutsi zuten Eleizegi "euskal erraldoia" gaitzizenez, baina, ikuskizunaz haraindi,  zelakoa zen Altzoko Handia? Nola hartzen zuen azaleko atrakzio izateko zeregin hori, behin ikuskizuneko argiak amatatzen zirenean?

JG: Egia esan, ez dakigu, eta hor ere badago pelikularen gakoa: gauza asko esan dira pertsonaiaren inguruan, baina inork ez daki egia; kontraesanak ere badaude.

Batzuek esaten dute oso isila, izaera mingotsekoa zela, eta beste batzuek, berriz, oso pertsona normala zela esaten dute. Guri interesgarria iruditu zaigu hori, eta filmak hori ere jorratu nahi du: nola, batzuetan, errealitatea eta fikzioa nahasten diren, bakoitzak nahi duenaren edo une jakin batean komeni zaionaren arabera.

Koldo Izagirrek eta David Azurzak "Altzoko Haundia" haurrentzako opera prestatu zuten 2010ean, eta David Lynchek "Elefante-gizona" filma egin zuen 1980an, Joseph Merrycken istorioa kontatzeko. Ikusi dituzue lan hauek?

AA: Bai, biak ikusi ditugu, eta esan daiteke gure filma "familia berekoa" dela baina, halaber, zerikusirik ez duela.

"Elefante-gizona" beste era bateko pertsonaia zen, "munstrotzat" hartzen zuten, baina Migel Joakin Eleizegiren izaera eta jarrera, gure ikuspegitik, ez zen horrelakoa. Beraz, erreferentzia bat izan da, baina ez dugu "Elefante-gizona" egin nahi.

Eta operetari dagokionez, pertsonaia bera da, baina berarengana hurbiltzeko era, tratamendua, oso ezberdina da. Opereta umeei begira egindakoa da, eta gurea publiko helduago batentzako pelikula da. Andonik aurkeztu zuen gidoiak antz handiagoa zuen operetarekin, agian, gaur egun esku artean dugun proiektuak baino.

Euskarazko filma izango da "Altzoko Handia"? Zelan jorratuko duzue hizkuntzaren kontua?

JG: Hizkuntzari dagokionez, tokian tokiko euskarari hurbilduko gatzaizkio. Pertsonaiak Tolosaldekoak izanik, bertako euskara erabiliko dugu, baina ez da erabat XIX. mendeko hizkera izango, ulergarritasunari garrantzi handia ematen diogulako.

Gehiena euskaraz izango da, elkarrizketa gehienak Migel Joakinen, anaiaren, tratulariaren eta aitaren artekoak izango baitira. Baina Espainiara, Frantziara eta Ingalaterrara ere mugituko dira, eta hango hizkuntzak ere entzungo dira pixka bat.

ra pixka bat.