Itxi

Zinema

“Les Cowboys”

Thomas Bidegain: 'Historiak harrapatu egin gaituela ematen du'

Efe

Mauletarra gidoigile gisa nabarmendu da (“Un prophète”, “De rouille et d'os”…), eta ostiralean “Les Cowboys” (“Mi hija, mi hermana”) zuzendari gisa egindako lehen lana estreinatuko du Hegoaldean.

  • Ostiralean aurkeztuko du Thomas Bidegainek "Les Cowboys" Hegoaldeko zinemetan

    Ostiralean aurkeztuko du Thomas Bidegainek "Les Cowboys" Hegoaldeko zinemetan

Jacques Audiarden ohiko laguntzaile eta gidoigilea izan eta gero ("Un prophète", "Deephan" Urrezko Palmaren irabazlea…), Thomas Bidegain zuberotarrak zuzendari gisa egindako lehen filma aurkeztu du: "Les Cowboys" jihada hizpide duen eta "adiskidetzearen aldeko gonbita" den filma. Iparraldean ikusi ahal izan dute dagoeneko, eta ostiralean helduko da Hegoaldeko zinema aretoetara.

Bidegain 1968an jaio zen, Maulen, eta Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da. Elias Querejetaren banatzailearen arduraduna izan zen AEBn, eta bi seme ditu: Elias eta Tasio, Montxo Armendarizek zuzendu eta Querejetak berak ekoitzi zuen film mitikoaren protagonistaren ohoretan.

"Zorte handia izan nuen, zinemagintzan bere eskutik hasi nintzenean. Oso azkarra zen. Ikuspuntu jasoa izatearen garrantzia ikasi nuen berarekin, zinema zer den eta zertarako balio duen", esan du elkarrizketa batean.

"Les Cowboys" filmean, "nazioaren egoera" erakustea izan du helburu Bidegainek, Frantziaren nolakotasunari eta berak "gure Lehen Mundu Gerra, I-11n hasi eta 2011n Osama Bin Laden hil zutenean bukatu zen garaia" deitu duenari begiratu.

Pelikulak "Zaldunak xerka" (John Ford) eta "Red River" (Howard Hawks) klasikoak ditu erreferente gisa, eta aita-seme batzuen bizimodua kontatzen du. Country bizimoduaren zaleak dira, eta 16 urteko alabaren (eta arrebaren) bila abiatuko dira, horrek bezperan Ahmed izeneko mutil-lagunarekin ihes egin eta gero.

Cowboys Mi heramana, mi hija

Neskatoaren logelan, arabieraz idatzitako koaderno batzuk aurkituko dituzte, eta propaganda jihadista dela jakingo dute geroago. Horren aurrean, hamar urteko bilaketari ekingo diote.

"Gauza oso bitxia gertatu zaigu film honekin; prentsan irakurtzen genituen artikulu batzuk hitzez hitz zetozen bat guk urtebete lehenago idatzitako eszenekin. Historiak harrapatu egin gaituela ematen du", adierazi du Bidegainek.

Bidegainen hitzetan, "Les Cowboys" ez da joan direnei buruzko filma, baizik eta gelditzen direnei buruzkoa: "Komunitatearen oreka apurtzen denean adiskidetzeko atea denboraren eta belaunaldien joanak soilik zabaldu dezaketela uste dut".

"Aitaren ikuspuntua westernetako klasikoa da, zibilizazioen arteko gerran oinarritutakoa. Cowboytzat du bere burua, eta arabiarrak indiarren pare jartzen ditu. Mundua horrela ikusten duzun bitartean, ezinezkoa da adiskidetzea. Umeak, berriz, bereizmen nahikoa du", haren hitzetan.

Adiskidetzeko bide horretan, gidoilari eta zuzendariaren ustez, zinemak berebiziko zeregina du.

"Telebistak edo politikak berak arazotzat erakusten dizute guztia, eta horrela ezinezkoa da. Ez dira arazoak, jendea dira, eta, istorio bat edo aurpegi bat egokitzen badiezu, zer nahi duten edo zeren beldur diren badakizu, zuk nahi duzunetik edo zu izutzen zaituenetik oso urrun ez daudela ikusiko duzu".

Bidegainek zuzendari eta gidoigile lanak uztartzen jarraitzeko asmoa du. Bere hurrengo egitasmoan ere Audiard zuzendaria izango du ondoan, western bat egiteko. Datorren urtearen hasieran abiatuko dituzte filmatze lanak, eta Oregonen girotuta egongo da, 1850ean, urrearen sukarraren garaian.

rraren garaian.